Gabonetako Azokak ez du huts egin, eta 43 postu jarri ditu Plaza Berrian

Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 08:25

Ezohiko forma hartu du aurtengo Gabonetako Azokak. / GASTEIZKO UDALA

Astearte honetan, abenduaren 22an, 9:00etatik 14:30era bitartean eta segurtasun neurri guztiak bermatuz, Arabako ekoizleen 43 postu izango dira Gabonetako Azokan, Gasteizko Plaza Berrian. 

Aurtengo edizioan, Covid-19ari aurre egiteko protokolo zorrotza ezarri da, eta, besteak beste, 150 lagunentzako gehieneko edukiera izango du Gabonetako Nekazaritza Azokaren 63. edizioak; gainera, norabide bakarreko ibilbidea eta postuen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia izango dira. Sarrera bakarra izango du Andre Maria Zuriaren plazatik, eta bi irteera: Dato kalera eta bestea Postetxera, Lehendakari Agirre kalean.

Plazarako sarbidean mapa handi bat jarriko da, postu eta produktu bakoitza non dagoen jakinaraziko duena, erosketa ahalik eta arinen egin ahal izateko eta, horrela, ahalik eta pertsona gehienek erosketak egin ahal izateko.

Arabako ekoizleek baino ez dute izango postua jartzeko aukera; hain zuzen ere, 43 postu izango dira azokan ohikoaren herena, joan ohi diren tokiko ekoizleen %100.

 

"Aurreko urteetako azokaren berdina izango ez bada ere, ahalegin berezia egin dugu ekonomikoki ekoizle txikientzat oso garrantzitsua den ekimenari eusteko, eta, gainera, herritarren tradizioekin eta ohiturekin bat datorrela aintzat hartuta", azaldu du Vital Fundazioko presidente Jon Urrestik. Izan ere, fundazioak lan handia egin du azoka osasun egoerara egokitzeko. "Gabonetako Azoka sei hamarkada luzetan egin da Arabako hiriburuan, eta aurten, ezinbesteko aldeak baditu ere, ez da salbuespena izango", gaineratu du.  

Askotariko produktuak

Astearte goizean zehar, etxeko produktu ugari izango dira azokan: frutak, berdurak eta barazkiak; haragiak eta hestebeteak; gaztak, eztia, kontserbak, ardoak eta likoreak; ogia eta gozogintza (euskal pastela, erroskillak edo tartak) edo beste elikagai batzuk (Gabonetakoak, ekologikoak, boilurra, arrautzak edo Arabako olioa).

Aurten, ordea, ezin izango da produktuen dastaketarik egin inongo postutan, ezta elikagaien autozerbitzurik ere. Etxeko hegaztien erakusketa eta salmenta ere bertan behera gelditu behar izan dira.

Erronka Garbia egiaztapena

Gabonetako Azokak Erronka Garbia – Ingurumenaren aldetik jasangarria den ekitaldia ziurtagiria lehen aldiz lortu du aurten, horrelako ekitaldi batek ingurumenean izan dezakeen eragin negatiboa minimizatzeko. Hortaz, ingurumen-aztarna murrizteko diseinatu da ekitaldi osoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago