ALEAk jakin duenez, sindikatuek astearte honetan izan dute agerraldiaren berri, eldiario.es hedabideak argitaratutako albistearen bitartez; Osakidetzak ez die aurretik ezer jakinarazi. Horren ondorioz, sindikatuek Lan Osasuneko premiazko bilera bat eskatu dute, egoeraren berri izateko.
Datu ofizialak iritsi bitartean sindikatuek langileen artean jasotako datuen arabera, Covid-19aren lehen agerraldia traumatologia arloan hasi zen, eta abenduaren 6tik 11 positibo metatu dira bertan. Traumatologiako 3. A solairua itxita izan da azken egunetan, desinfektatzeko; astelehenean berrireki dute.
Ondoren, agerraldi gehiago izan dira Txagorritxuko ospitalean: gaur egun, Larrialdietako ebakuntza-gelan 6 langile daude isolatuta, eta gutxienez horietako batek positibo eman du; 2. B solairuan —Kirurgia—, 9 positibo atzeman dira guztira, 5 pazienteen artean eta 4 langileen artean.
Tamaina txikiko agerraldi gehiago izan diren arren, pandemia hasi zenetik Osakidetzak jakinarazi duen hirugarren agerraldia izan da: lehenengoa otsailean izan zen, pandemiaren hasierarekin batera; bigarrena, uda aurretik 15 positibo eta heriotza bat utzi zituen agerraldia; eta, azkenik, aste honetakoa. Datozen orduetan ezagutuko dugu agerraldiaren benetako tamaina.
Probak aste osoan zehar
Azken hiru hilabeteetan Covid-19a izan ez duten langile guztiei probak egingo dizkiete, astearte honetan hasita eta ostiralera bitartean. Gainera, test serologiko bat egingo die iraila baino lehen kutsatutakoei, antigorputzak izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko.
Baheketaren lehen profesionalak zazpigarren solairukoak izango dira: Arnas eta Digestio zerbitzuetakoak, eta Proba Osagarrien ekipoan lan egiten dutenak. Ondoren, asteazkenean, Zainketa Intentsiboetako Unitatea, Etxeko Ospitaleratzea, Farmazia, Pazientearen Arreta, Zuzendaritza, bosgarren solairuko talde bat eta laugarren solairuko beste bat.
Ostegunean, kirurgia unitatea, lehen eta bigarren solairuko langileak, erditzeak eta anestesia ondoko errekuperazio unitatea. Azkenik, ostiralean, Erradiologia, Eguneko Ospitalea, Neonatologia, Hemodialisia, Odol Bankua, Errehabilitazioa, Erradioterapia eta Larrialdietako osasun zerbitzuak.