Koronabirusa

Txagorritxuko Covid-19 autopsiak "segurtasunik gabe" egiten ari direla salatu dute langileek

Mikel Buruaga 2020ko abe. 9a, 06:50

Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitaleko sarrera. / ARABAKO ESI

Txagorritxu ospitaleko langileen hainbat kexa eta salaketa jaso ditu Arabako ESIko Anatomia Patologikoaren Kudeaketa Klinikoko Unitateak azken hilabeteetan, Covid-19arekin hildakoen autopsiak egiteko garaian gomendioak eta protokoloak ez betetzeagatik.

Maiatzean, Covid-19arekin hildakoen autopsiak egiten hasi ziren Arabako ESIko Anatomia Patologikoko Unitatean, Txagorritxuko Ospitalea birusaren ikerketan erreferentzia bihurtuz. LAB eta ELA sindikatuek salatu dutenez, unitateko zuzendaritzak "Lan Osasunari, langileei eta prebentzioko ordezkariei ezer jakinarazi gabe" hasi ziren autopsiak; ordutik, 20 autopsia egin dira.

Sindikatuen arabera, "ez dago Covid-19 autopsiak egiteko protokolorik, langileek ez dute behar besteko formakuntzarik jaso, eta lan tresnak hondatuta daude". Horrek "asaldura handia" eragin du unitate horretako langileen artean, "arriskuak ezagutzen dituztelako eta jakinaren gainean daudelako".

Are gehiago, duela gutxi, Covid-19arekin 11 langile kutsatu dituen agerraldi bat atzeman da. Hala ere, ez dituzte autopsiak gelditu, eta langileak arriskuan jarri direla salatu dute sindikatuek: "Ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu dute; akatsak non dauden egiaztatu eta prebentzio neurriak indartu gabe".

Hasieratik, langileek zalantzak helarazi zizkioten Lan Osasunari, autopsia-gelak baldintza egokiak betetzen ote zituen egiaztatzeko. Erantzuna iritsi zen, baina, sindikatuen arabera, horrek ez zuen prebentzio neurri gehigarririk ezartzea ekarri.

Egoera horren aurrean, bost autopsia egin ostean, ELA sindikatuak salaketa jarri zuen Osalanen. Kasu honetan, 23 gomendio eta hobekuntza jarduera proposatu zituen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, baina sindikatuei ez zaie horien aplikazioaren berri eman.

Salaketa Lan Ikuskaritzan

Ekainean, eta egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, LAB sindikatuak salaketa bat jartzea erabaki zuen Lan Ikuskaritzan; gaur egun, salaketa hori izapidetzen ari da, baina oraindik ez dago ebazpenik. Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, zerbitzuaren eta autopsien egoeraren inguruan galdetu dute laneko segurtasun eta osasun batzordearen hainbat bileratan; hala ere, "hainbat arrazoirengatik", ez dute erantzunik jaso.

Bete gabeko gomendioak

Azkenik, ELA eta LAB sindikatuek azken egunetan "modu estraofizialean" jaso duten informazioaren arabera, "gomendio batzuk bete dira, baina beste batzuk, batez ere langileen prestakuntzari eta autopsien protokoloari buruzkoak, ez daude garatuta".

Sindikatuen arabera, horrek lan egiteko orduan akatsak egitea eragiten du askotan, "langileek ez baitakite zehazki zer egin behar duten". Salatu dutenez, langileek euren osasuna "arriskuan" jartzen ari dira, eta "ezintasuna" sentitzen dute: "Zuzendaritzarekin bilerak izan dituzte, eta, prebentzio neurriak betetzen ez diren arren, autopsiak egiten jarraitzen dutela ikusten dute".

Isabel Guerra unitateko burua, ETBko erreportaje batean. / EiTB
 
Txagorritxu, liderra Covid-19 autopsietan

Duela gutxi Arabako ESIko Anatomia Patologikoko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buru Isabel Guerrak hainbat komunikabidetan adierazi duenez, Txagorritxuko Ospitalea erreferentzia bihurtu da koronabirusa ezagutzeko autopsia bidezko ikerketari dagokionez: "Mundu osoan 300 koronabirus autopsia inguru baino ez dira jakinarazi, eta guk 20 daramatzagu", adierazi zuen Gerrak azaroan, Onda Vasca irratian.

Sindikatuen ustez, ordea, "oso deigarria" da Guerra komunikabideetan egotea, besteak beste, unitate horrek estatu mailan Covid-19arekin lotutako autopsien %30 egiten dituela esanez: "Gainerakoak zuhurragoak direla dirudi; unitate honetan segurtasunik gabeko 20 autopsia egin dira, langileen osasuna arriskuan jarriz", deitoratu dute.

Prestatu gabeko autopsia-gela

Hedabideetan, gainera, Isabel Guerrak ziurtatu du Txagorritxu Ospitaleko autopsia-gelak biosegurtasunean 3. maila duela; hots, Covid-19arekin hildakoen autopsiak egiteko prestatuta dagoela. Sindikatuek, berriz, hori faltsua dela ohartarazi dute: "Gisa horretako gelek unitate honetan ez dauden baldintza eta protokoloak bermatu behar dituzte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago