Ernaik manifestazio bat deitu du abenduaren 19rako, "krisia kapitalak ordain dezan"

Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 16:30

Ostiral honetan Ernai gazte erakundeak egindako agerraldia. / ERNAI GASTEIZ

Erronka: gazteak jardunaldietan izandako gertakarien inguruko azalpenak eman ditu Ernai gazte erakundeak, eta manifestazio bat deitu du abenduaren 19rako. Zerbitzu publikoak indartzea eta gazteen kriminalizazioa gelditzea exijitu dute.

Ostiral honetan egindako prentsaurrekoan, Gasteizko Ernai gazte erakundeak hainbat argipen eman nahi izan ditu, Erronka Gazteak: gazteak eta COVID-19a izeneko jardunaldietan gertatutakoaren inguruan. "Hainbat komunikabidek zein alderdi politikoek erabilitako estrategia manipulatzailearen gainetik, gazteon hitza entzuna izan dadin ezinbestekotzat" jo dute asteazkeneko ekintza.

Azaldu dutenez, ekintzak "gazteon ezinegonak adieraztea eta kritika politikoa mahaigaineratzea" zuen helburu. "Baina askok, aldiz, eztabaida politikoa alde batera utzi eta gazteok kriminalizatzea nahiago izan dute", deitoratu du Ernaik. "Gazteriaren problematikaren gainetik geratu dira Udalaren aurpegi zuriketa edota kapitalaren interesak".

Zentzu horretan, gogor kritikatu dute Gasteizko Udalak osteguneko osoko bilkuran adostutako adierazpena; alderdi politiko gehienek babestu zuten irakurketa, EH Bildu izan ezik. "Eztabaidaren fokua irainetan jarri eta gu kriminalizatzeko baliatu da", deritzote.

"Arduragabekeria"

Gazteak "benetan" ordezkatzen dituzten markoak irekitzeko garaia dela azpimarratu dute, "hiri honen gazteria osoaren errealitatetik abiatuta benetako neurriak" garatuz. "Pandemiaren aitzakiapean Eusko Jaurlaritzak eta, zehatzago, EAJk hartutako neurrien arduragabekeria" salatu dute.

Izan ere, Ernairen ustez, "sistema kapitalista heteropatriarkalari eutsi asmoz ezarritako neurriek soilik zaurgarritasuna, prekarietatea, biolentzia eta bazterkeria" ekarri dizkie gazteei, eta agintariek "ardura indibidualean" jarri dute arreta, "pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule" bihurtu dituzte herritarrak.

"Neurriak behar dira, bai, baina ez ardura kolektiboak albo batera utzi eta dirudunen mesedetan egiten diren neurriak", kritikatu du Ernaik. "Herritarron mesedetan eta herritarron ongizatea helburu duten neurriak exijitzen ditugu; krisia ez dezagun betikook ordaindu, krisia kapitalak ordain dezan".

Irainak

"Irainak egon dira egun hauetan erdigunean, baina zer dira irainak? Egunerokotasunean ikusten diren etxegabetzeak eta kaleratzeak, polizia basakeria, ustelkeria… hori bai dela herritarrak iraintzea", adierazi du Ernaik, Gorka Urtarani asteazkenean zuzendutako hitz iraingarrien inguruan sortutako polemikaren harira.

"Nazkatuta" daudela eta Gasteizko errealitatea "beste bat" dela diote. Izan ere, gazteen egoeraren inguruko hainbat datu jarri dituzte mahai gainean: adibidez, 2020ko maiatzean, 15 eta 35 urte bitarteko 5.605 gazte langabezian zeuden; otsailean baino 1.587 gazte gehiago. Gainera, gazteriaren gehiengoa ez dago langabe gisa erregistratuta edota beste enplegu mota batzuetan aritzen dira, eta aldi baterako kontratuen %93 gazteenak dira. Horrekin batera, alokairuaren batez besteko prezioa 859,4 eurokoa dela salatu dute, 9.740 etxe huts dauden bitartean.

Zerbitzu publikoak "premiaz" indartzeko unea dela aldarrikatu du Ernaik: "Gasteizko Udalak burgesiaren mesedetara dauden proiektuetan dirua xahutzea erabaki du, osasunean, garraio publikoan, hezkuntzan edo ostalaritzan dirua inbertitu beharrean".

Abenduaren 19an, manifestazioa

Datorren larunbatean, hilaren 19an, manifestazio bat deitu dute Gasteizen, Krisia kapitalak ordain dezan, gazteok kalera! lelopean. "Geldirik nahi gaituzte bai, baina orain inoiz baino gehiago gure jardun politikoan eta gure aldarrietan berresteko garaia da", adierazi dute. "Bada garaia gazteon ahotsa entzuteko, eta herritarron mesedetan eta herritarron ongizatea helburu duten neurriak aplikatzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide