'Erronka gazteak' jardunaldietan sortutako istilua arbuiatu dute alderdiek

Erredakzioa 2020ko abe. 10a, 13:42

Gasteizko Udalak antolatutako ekitaldia eten zuten hainbat gaztek. / Hala Bedi

EH Bilduk ez du bat egin beste alderdiek adostutako adierazpenarekin.

EAJ, PSE, PP eta Elkarrekin udal taldeek, Gasteizko Udaleko eledunen batzarrean elkartuta, arbuioa adierazi dute atzo Ernai erakundeak Udaleko gazteria zerbitzuak antolatutako Erronka Gazteak: gazteak eta Covid-19a jardunaldien barruan sortu zuen protestaren kontra. EH Bilduk ez du bat egin adierazpen horrekin.

"Hiri moderno, plural eta askotariko baten eredua babesten dugu, pertsonen arteko harremanak askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritzen den hiri bat, salbuespenik gabe", adierazi dute. Euren esanetan, erakunde eta ordezkari publiko orok jaso ditzake kritikak haren kudeaketa dela eta, baina irainak gaitzesi dituzte: "Ingurune instituzional demokratiko eta aske baten barruan kritika, bidezkoa ez ezik, beharrezkoa da. Baina iritzi ezberdinak adierazteak ezin du inola ere ekarri inor iraintzea eta hari begirunea galtzea, ezta udal ordezkari baten kasuan ere, aipatutako jardunaldietan atzo gertatu zen bezala".

"Iraganeko garai bati" dagozkion jokabideak direla nabarmendu dute, eta kritika "askatasunez" egiteko aukera berretsi, "baina gainerako pertsonen duintasuna eta eskubideak behar bezala errespetatuz".

Salaketa eta irainak

Gazteek publikoaren aurrean irakurritako oharrean, euren aldarrikapenak plazaratu zituzten. Besteak beste, pandemia garaian gazteek bizi duten egoera salatu eta gisa honetako ekitaldi instituzionalak kritikatu zituzten. Hala ere, irakurketaren amaieran, gazteen bozeramaileak "tontolnabo" eta "karapan" bezalako hitzak zuzendu zizkion Gorka Urtaran alkateari; protesta bera baino, irain horiek eragin dituzte alderdien gaitzespena eta ahots askoren kritikak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide