Mazoka marrazki eta ilustrazioaren azokak abenduaren 3an irekiko ditu ateak

Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 17:26
Mazokaren VI. edizioaren aurkezpena Oihaneder Euskararen Etxean. / GASTEIZKO UDALA

Erakusleiho digitalaz gain, abenduaren 3tik 20ra bitartean Montehermoso Kulturunean ikusgai izango dira Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren jaialdian hautatutako 40 artisten lanak. Aurten, gainera, Arabako herrietara ere iritsiko da Mazoka.

Ate joka dugu Mazoka, Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azoka, eta astelehen honetan Montehermoso kulturunean egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez, azokak abenduaren 3tik 20ra bitartean irekiko dizkio ateak publikoari. Agerraldian izan dira Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarria, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val Sancho, diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren foru diputatu Pilar Garcia de Salazar, Mazokako zuzendari Marta C. Dehesa, eta, jakina, VI. edizioaren kartelaren egile Mercedes deBellard.

Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azokak bere burua berrasmatu behar izan du osasun krisiaren ondorioz, eta neurri handi batean birtuala izango da aurtengo edizioa. Mazoka.org webgunea izango da 40 ilustratzaileen lanak ezagutu eta erosi ahal izateko erakusleiho nagusia. Artista bakoitzak profil bat izango du bertan, bere esperientzia, lanak eta webgune propioa ezagutarazteko, eta baita saltzeko denda ere.

Erakuslehio birtualaz gain, aurreko edizioetan azokaren gune nagusia izandako Montehermoso Kulturunean ere 40 mazokalarien erakusketa jarriko da. Abenduaren 5eko 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eta bertan egileen katalogoa aurkeztu eta ilustramatoia jarriko.

Mazokaren VI. edizioaren kartela. / Egilea: Mercedes deBellard

 

40 mazokalari

Guztira, parte hartzeko 337 eskaera jaso dituzte Mazokaren antolatzaileek, 2019an baino %45 gehiago. Horietako gehienak emakumeenak izan dira, %80. Hautaketari dagokionez, mazokalarien %73 emakumeak dira, %21 gizonak eta %6 kolektiboak. Halaber, mazokalarien %38,50 EAEkoak dira.

Aukeratutako 40 mazokalarien artean izen handiak daude: besteak beste, Elena Odriozola Euskadi Saria eta Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala—; Sonia Allins bere lana saritua izan da Frantzian, AEBetan eta Alemanian; Javier Navarro, El Dios de los Tres muralista eta artista, Miami, Florentzia, Praga eta New Yorken erakusketak egin ditu—; eta Juan Pablo Celestino, Dr Juanpa musikaren munduko afixa ugariren egilea: Sonorama, Mondosonoro, Blind Melon, Run The Jewels, Cypress Hill eta Grateful Dead, besteak beste.

Arabako herrietara salto

Aurtengo edizioan, gainera, Mazoka Arabako beste herri batzuetara ere zabalduko da: Langraiz Oka, Amurrio, Zuhatzu Kuartango, Bastida, Artziniega, Izarra, Dulantzi, Agurain, Maeztu eta Laudiora, hain zuzen ere.

"Gasteizko Erdi Aroko hirigunean eta Zaramaga auzoan egoteaz gain, abendu osoan Arabako zenbait herritara eramango dugu Mazoka marrazki eta ilustrazio jaialdiaren zati bat. Bira ilustratu moduko bat izango da, lurraldeko biztanleengana hurbiltzeko xedez, aurten lehenengoz ereindako hazia erne dadin, eta hurrengo edizioetan leku horietara ere zabal dadin, muga gutxiagorekin", azaldu du azokaren zuzendari Marta C. Dehesak.

Arabako herrietan egingo den birarako hainbat jarduera antolatu dira: Marrazki Azoka, lanak erakutsi eta saltzeko; Ilustramatoia, barruan marrazkilariak dituen kartoizko makina; umeentzako lantegia, erretratu azkarrak egiteko; eta, azkenik, Marrazki Lan Erraldoiaren aurkezpena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide