Koronabirusa

Ostalariei laguntzeko 500.000 euro jarriko ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 16:00

Ostalarien mobilizazioa Gasteizen, irailaren 3an. / ALEA

Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin bateragarriak izango diren eta itzuli beharko ez diren diru laguntzen aparteko programa bat prestatzen ari da Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Arloa. 500.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute.

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila ostalarientzako aparteko laguntza programa berri bat prestatzen ari da, 500.000 euroko aurrekontuarekin, pandemiak sektorean eragindako kalteak arintzeko asmoz.

Dirulaguntza horiek beste erakunde batzuen laguntzen osagarri izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an ezarritako itxiera-dekretuaren eragina izan duten ostalaritza establezimendu guztiek eskatu ahal izango dituzte. Udalaren datuen arabera, Gasteizen 1.300 negozio inguru ari dira ostalaritzaren sektorean, eta laguntza berri horiek eskuratu ahal izango dituzte.

Aurrekontua negozio guzti horien artean banatuko balitz negozio bakoitzarentzat 385 euro inguru liratekeen arren, gastu arruntak estaltzeko baliatu ahal izango dira, hala nola argia, ura, berokuntza, lokalaren alokairua zein hipoteka ordaintzeko kuota, gestoria edo aholkularitza gastuak, telefonia gastuak eta ohiko zerbitzua emateak sortzen dituen bestelako gastuak ere.

Nolanahi ere, itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, eta sektoreak bizi duen premiazko egoerari eta ostalarien berehalako beharrei erantzungo diete. "Oso kontuan izan ditugu sektorearen eskaerak, aparteko neurri horiek martxan jartzeko orduan. Laguntza ildo horiek beharrezkoak dira ostalaritza hain egoera kritikoan dagoen honetan", nabarmendu du Alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak.

Urriaren 25etik sortutako gastuak

Era berean, Udalak adostu du diru laguntzek atzerako eragina izatea, eta lokaletan urriaren 25az geroztik bigarren alarma egoera ezarri zen egunasortutako gastuak ordaintzeko baliatu ahal izango da.

Maider Etxebarriak zuzentzen duen udal arloa prestatzen ari den laguntza programa berria hurrengo asteetan argitaratuko da, eta orduan jakinaraziko dituzte xehetasun guztiak. "Ahalegin handia da Ekonomia Sustapenerako Sailarentzat", nabarmendu du zinegotziak; izan ere, ahalik eta gehien erraztuko da tramitazioa, eskabideak aurkezteko erraztasunak emate aldera, eta langile gehiago jarriko dituzte, eskabide guztiei erantzun ahal izateko.

Gasteiz, aitzindaria

Deialdi horrekin, Gasteiz izango da ostalaritzarako laguntzak eskaintzen dituen lehen euskal hiriburua, Javier Hurtado sailburuak iragarritako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzen osagarri. Pandemia hasi zenetik, udal gobernuak beste hainbat ekintza bultzatu ditu ere, hala nola ekonomia suspertzeko plana 2,7 milioi euro, terrazak zabaltzea edo tasa eta zergak bertan behera utzi eta atzeratzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago