AnHitzak 2020

"Gure umeak hemen jaio dira, baina ez dituzte beren sustraiak ahaztu behar"

Erredakzioa 2020ko aza. 23a, 10:33

Urriaren 23an, Senegaleko hainbat lagun bildu ziren AnHitzak topaketen bigarren saioan. Senegaldarren artean wolofera da hizkuntza zabalduena; Gasteizen, umeek euskara ikasten dute euren jatorrizko kultura eta hizkuntza ahaztu gabe.

Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen bigarren saioa urriaren 23an izan zen, Oihaneder euskararen etxean. Senegaleko hainbat lagun bildu ziren Mbolo elkartearen bidez. Guztira, zazpi heldu lau gizon eta hiru emakume eta lau ume izan ziren.

Azaldu dutenez, Gasteizen Senegaleko komunitate handi samarra dago; 350 gasteiztar baino gehiagok jatorri senegaldarra dute. Euren jatorrizko herrialdean hainbat hizkuntza hitz egiten badira ere, wolofera da zabalduena, eta solasaldia bera woloferaz egin zuten. Bukaeran, Senegaleko doinuekin kantatzen eta dantzatzen ibili ziren, eta solasaldian parte hartzeko aukera emateagatik esker onez mintzatu ziren.

Mbolo elkarteko Issa Sambek laburbildu du AnHitzak topaketen bigarren saioa. Teranga!

AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna

2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.

Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago