2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.
Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpena bideoz jasoko da, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.
Urriaren 12an Sahararen Batasun Nazionalaren eguna ospatzen dute errefuxiatuen kanpamentuetan eta lurralde okupatuetan. Egun horretan, herri gisa onartuak izateko eta beren lurraldea defendatzeko legezko eskubidea aldarrikatzen dute. Egun hori baliatu zuen AnHitzak egitasmoak haiengana hurbiltzeko eta haiekin hitz egiteko, hassania hizkuntzak Gasteizen duen presentziaz eta euskararen garrantziaz. Te-usaina eta irrintziak izan zituzten lagun.
Embarka Alina Kori eta Mariam Mohamed Lafdil emakume sahararrek laburbildu dute lehenengo saioa.