Agerraldia egin dute goizean Mercedeseko Gasteizko fabrikako langileen ordezkariek Andre Maria Zuriaren Plazan. Aurreko astean multinazionalaren zuzendaritzak iragarri zituen murrizketak eta kaleratzeak hizpide izan dituzte. Eta haserre hitz egin dute.
Batetik, zuzendaritzaren jarrera "diktatoriala" salatu dute: "Titos jaunaren arabera langileok beste irtenbiderik ez dugula onartu behar dugu. Enpresak hartzen dituen erabaki guztiak onartzea, ezer esan gabe. Joan den ostiralean, behin baino gehiagotan laburbildu zuen jarrera diktatoriala esaera herrikoi batean: 'Dilistak dira, nahi badituzu jan eta ez badituzu nahi hor utzi'".
Beste alde batetik, indarrean dagoen lan hitzarmena, lan arloko legedia eta langileen ordezkaritza errespetatzea galdegin dute eta dagoeneko Mercedeseko zuzendaritza Lan Ikuskaritzaren aurrean eta epaitegietan salatu dute, "enpresak ez duelako informaziorik eman" eta "ekoizpena moldatzeko plana inposatu nahi duelako".
Enpresa batzordeak argi utzi du aldi baterako koiuntura "erabiltzen" ari dela enpresa luzera begira etekina lortzeko. "Hitzarmenaren negoziazioa izkinaren bueltan dugu, ez ahaztu hori", esan dute. Halaber, langileei eta gizarteari "iruzur egitea" leporatu diote, kaleratzeak mahai gainean jarriz, indarrean dauden aukerak eta akordioak bilatzeko aukerak daudenean, "enpresak erabili ere egin ez dituenak".