Mercedesek behin-behineko 500 langile kaleratuko dituela iragarri du

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 07:41
Mercedesek Gasteizen duen lantegian 5.000 langile inguru daude. / MERCEDES-BENZ

Gasteizko Mercedesek iragarri duenez, urtarrilean behin-behineko 500 langile kaleratuko ditu eta dagoeneko ez du baztertzen langile finkoentzako enplegu-erregulazioko espediente bat.

El Correo hedabideari iragazitako informazioen arabera, zuzendaritzaren ustez, "ezinezkoa" da hiru txandak mantentzea enplegu-erregulazioko espedientea aplikatu gabe, ekoizpen ahalmenaren eta merkatuaren eskariaren arteko "desoreka handia" dagoelako.

Oraingoz, Emilio Titos Arabako lantegiko zuzendariak egunkari horri azaldu dionez, iraungitze-data duten aldi baterako kontratuak ez dira urtarriletik aurrera berrituko. Behin-behineko langileen kopurua 500 ingurukoa da; lantegiak 5.000 langile inguru ditu, eta zeharkako 30.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Erabakiak gaueko txandan izango luke eragina, 2021ekin batera ekoizpen txikiagoa izango baitu.

Ekoizpenaren beherakada

Enpresaren arabera, 2019an baino %14 furgoneta gutxiago ekoiztuko dira 2020an; guztira, 125.000. 2015. urtetik izandako zifrarik txikiena litzateke hori, Vito eta V klasearen eredu berria atera zenetik, Viano ordezkatu zuena.

Halaber, 2021erako "ziurgabetasuna" espero dute. Lantegiak 131.500 unitate fabrikatzea aurreikusten du, baina plangintza hori soilik lehen hiruhilekoan egongo da indarrean, martxora arte, hiru txandako eredua martxan dagoen bitartean.

Baina baliteke murrizketak harago joatea, eta apiriletik aurrera langile finkoak ere kaleratzen hastea, Emilio Titosek azaldu duenez.

"Zuzendaritzaren estrategia bat"

Sindikatuetako iturrien arabera, ordea, hitzarmenaren negoziazioa hurbil dago, eta baliteke "zuzendaritzaren estrategia bat" izatea negoziazioaren hasiera baldintzatzeko.

ALEAk LAB sindikatuaren bitartez jakin duenez, enpresa batzordeak hurrengo urteko programazioaren berri baino ez du jaso oraingoz: 131.500 unitate ekoizteko aurreikuspena. "Horretarako 2 txanda eta erdi egongo dira, zuzendaritzaren hitzetan. Erdi horrek txanda batean kotxe erdia egingo dela esan nahi du, hau da, katearen abiadura erdia izango da eta txanda horretako langileen kopurua ere erdia, %60a seguruenik", azaldu dute langileen ordezkariek.

Enpresa batzordeko kideen arabera, zuzendaritzak ez die ezer aipatu behin-behineko langileen kaleratzeei buruz, baina "gerta zitekeen zerbait" dela uste dute. Gauzak horrela, ostiral honetan bilera egingo dute zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, eta orduan informazio gehiago jasotzea espero dute.

Arabako industria eredua

Arabako Biltzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok "elkartasun osoa" adierazi die Mercedeseko langileei eta enpresa laguntzaileei, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. "Ahal dugun guztia egingo dugu lanpostu horiek zaintzeko. Erakundeen inplikazioa tokatzen da", adierazi du.

Horrekin batera, Arabako industria ereduaren inguruko hausnarketa bat plazaratu du: "Albiste honek erakusten du Arabako industria eredu dibertsifikatuago baterantz jo behar dugula; lurraldearen eredu industrial guztia ezin da multinazional gutxi batzuen menpe egon, erabakiak Arabatik kanpo hartzen baitituzte".

Azkenik, horiek "krisian dagoen sektore ekonomiko bati" lotutako enpresak direla ohartarazi du; kasu honetan, automobilgintza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide