Iturritxu kalean orduko 30 kilometrora murriztuko da zirkulazioa

Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 16:44
Iturritxu kalean bi radar kabina jarri dituzte asteotan. / GASTEIZKO UDALA

Bizilagunen eskaeren ostean, Udalak erabaki du gehieneko abiadura orduko 30 kilometrora murriztea Iturritxu kaleko zati bikoiztuan. Auzokideek, berriz, bikoiztutako zatia lehengoratzea proposatu dute.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok asteazken honetan iragarri duenez, Gasteizko Udalak orduko 30 kilometrora murriztuko du zirkulazioa Adurtza eta Olarizu arteko Iturritxu kaleko bi erreiko zatian, "inguruko auzokoen eskabideak kontuan hartuta eta teknikoki bideragarria dela egiaztatu ondoren".

Udalak neurri gehiago hartu ditu asteotan: besteak beste, abiadura kontrolatzeko bi radar jarri ditu, eta Ruiz de Escuderoren arabera, "emaitzak positiboak izaten ari dira". Izan ere, azaldu duenez, gailu horiek jarri zituztenetik egindako neurketetan abiadura nabarmen gutxitu da zati horretan, "orduko 50 kilometrotik behera".

Urrian hasi ziren bizilagunen protestak. Hasieran, Esmaltazioen biribilgune berrituak auto-ilarak sortu zituelako; birmoldaketa hori biribilgunea BEIra egokitzeko egin zen. Ondoren, Iturritxu kaleko errepidea hiru erreiko bide bihurtzearen kontra protesta egin zuten; izan ere, Udalak Mendizorrotzeko noranzkoan beste errei bat ezarri zuen, trafikoa baretzeko asmoarekin. Erreia bikoiztu zen lehen astean, ibilgailu batek adingabe bat harrapatu zuen, ondorio larririk gabe izan bazen ere.

Astearte honetan, Itxurritxun 3 Ez plataformak eskatuta, ezohiko Auzogune bat egin da, eta proposamen zehatz bat egin diote Udalari: bikoizketa lehengoratzea, hau da, kalea noranzko bakoitzeko errei bakarrekoa izatea. Halaber, abiadura maximoa murriztea eta trafikoa baretzeko zein hirian ibilgailu pribatua baztertzeko neurri orokorrak eskatu dituzte.

Oraingoz, Udalaren azken erabakiaren ostean, abiadura murriztea lortu dute bizilagunek, baina ez dute uste "nahikoa" denik kalearen ongizatea lortzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide