Iturritxun dituen planak "argitzeko" eskatu diote bizilagunek Udalari

Esmaltaciones inguruko biribilgunea abuztuan asfaltatu zuten. GASTEIZKO UDALA

Auto batek hamabi urteko ume bat harrapatu zuen, asteazkenean, Iturritxuko zebra-bide batean.

Udalak Iturritxu kalean hirugarren errei bat ezarri eta gero, zer beste plan dituen jakin nahi du Adurtza auzoko bizilagun talde batek. Sinadura bilketa antolatu dute Udalari eskatzeko aurrera eramango dituen jarduerei buruzko "azalpen argiagoak" eman ditzan, eta ondoren zer etorriko den "argitu" dezala. Informazioa ezohiko auzogune batean ematea proposatu du Iturritxun Autopistarik Ez taldeak.

Kale eta inguru horretan azken hilabeteetan egiten ari diren obrak kezka berezia eta kritika ugari piztu dituzte bizilagunen artean. Izan ere,  hirugarren erreia auzoa zeharkatuko duen "hegoaldeko errondako lehenengo pausua" dela uste dute, eta ikastetxeetatik, aisialdirako guneetatik eta 19. sektoretik urrunduko duela Adurtza. "Gure auzoko haurrek –esan du auzokideen taldeak– egunero lau aldiz zeharkatu behar dute kale hori, ikastetxeetara joateko". Gainera, Adurtzako adineko pertsonek eta familiek Olarizuko parkera maiz joateko ohitura dutela nabarmendu dute. 

Harrapaketa

Halaber, obrak ingurua arriskutsuagoa egin duela uste dute; eta arazoak eta pilaketak Esmaltacionesko biribilgunetik Carrefourrekora mugituko direla. Izan ere, auto batek 12 urteko haur bat harrapatu zuen, asteazkenean, Iturritxun. Autoak zangoan jo zuen haurra, zebrabide batetik gurutzatzen ari zela, eta ihes egin zuen. Kolpe bat baino ez du umeak, baina familiak gertatutakoa salatu du. 

Gauzak horrela, auzokideek uste dute Udalaren planak zehatz-mehatz zeintzuk diren jakiteko eta haien iritzia emateko auzogunea deitu behar dela, eta eskaera babesteko sinadurak biltzen ari dira, Adurtzako zenbait saltokitan. Urriaren 20ra arte zabalik dago epea eskaera sinatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide