Miguel Garnica (PP): "Ez da Gasteiz Antzokiarekin jarraitzeko unea; ez da lehentasunezkoa"

Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 11:47

PPko zinegotzi Miguel Garnica astelehen honetako Lurralde Batzordean. / @PPVitoria

PPren ustez, "ez da garaia Gasteiz Antzokian 2.600.000 euro gastatzeko". Miguel Garnica zinegotziak proiektua gelditzea eskatu du Udaleko Lurralde Batzordean: "Ez da hiriaren proiektua, EAJren proiektua da".

Gasteiz Antzokia une erabakigarrian dago, baina, astelehen honetan, Udaleko Lurralde Batzordean, PP taldeak proiektua gelditzea eskatu dio Urtaranen gobernuari. Proiektuaren egungo egoeraren inguruan PPk aurkeztutako galdera bat eztabaidatu da batzordean: udal gobernuak Gasteiz Antzokia gauzatzeko asmoa berretsi du, baina Miguel Garnica zinegotziak gogor kritikatu du erabakia.

"Aurrekaririk gabeko pandemia batean, gastua inoiz baino gehiago lehenetsi behar da, eta Urtaranek aurrera jarraitzen du Gasteiz Antzokian 2.600.000 euro gastatzeko asmoarekin, autonomo, merkatari eta ostalariei bizkarra ematen dien bitartean; Gasteiz Antzokia ez da lehentasunezkoa", adierazi du PPko zinegotziak.

Azken hilabeteetan, PPk Olarizuko etxebizitzak eraisteko "premia" defendatu du 1,3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin—, besteak beste. 2 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren ingurua eraberritzeko lanak gelditzea ere ez du eskatu. Bi proiektuak aurrera doaz, udal gobernuaren ekimenez (EAJ-PSE) eta PPren babesarekin.

Kasu honetan, ordea, PPk uste du ez dela garaia urte luzez garatu den Gasteiz Antzokiaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko. "Ez da hiriaren proiektua, EAJren proiektua baizik; orain lehentasuna gaizki pasatzen ari denari laguntzea da. EAJk burbuila batean jarraitzen du", adierazi du Garnicak.

Gasteiz Antzokia, 2022rako prest

Euskalgintzaren aldarrikapen historikoari jarraituz, 2019ko azaroan, udal gobernuak Zikotz SA enpresari esleitu zizkion Gasteiz Antzokiaren proiektuaren idazkuntza eta obra. Jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea eraikiko dira.

Obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak, eta, aurreikuspenen arabera, 2022. urtean irekiko ditu ateak.

Jauregia eraberritzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izango da. Eraikineko lau solairu egokituko dira, eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak ere izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago