"Egun historikotzat" jo du Gorka Urtaran alkateak hirian euskararen alde lan egiten duten guztiontzat. "Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea" izango dela adierazi du. 2022. urtean irekiko ditu ateak.
Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberritzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izango da. Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak ere egongo dira.
Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera
Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.
Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro karratu izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.
Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.
Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Besteak beste, aurretiazko azterlanak egin beharko ditu hiru asteko epean. Bestalde, zortzi aste izango ditu oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idazteko. Hurrengo 16 asteak gauzatze proiektua idazteko izango dira. Eta, azkenik, obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.
Gasteiz Antzokia, elkartzeko gunea
Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztuko ditu higiezinaren konfigurazioak.
Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokira, ordea, Zapatari kaletik sartu beharko da, eta bigarren solairuarekin lotuta egon arren, funtsean lehen solairua hartuko du.
Zapatari kaletik lehen solairuan kokatutako Gasteiz Antzokiko sarreran, 75 metro karratuko taberna egongo da, 11 metro karratuko sukaldea izango duena.
Ondoren, Antzokiaren areto nagusia egongo da: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuko altuerarekin. Espazio honek mota askotako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du. Gehienez -zutik- 660 pertsonako aforoa izango du eta ez du agertokirik izango. Bestalde, antzerki emanaldietarako edo bestelako ekitaldietarako, 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da.
Eserita ikusteko kontzertuetan, 90 pertsonarentzako lekua egongo da. Jantoki gisa ere erabili ahal izango da, eta kasu horretan, 170 pertsonarentzako lekua izango du aretoak. Hala ere, agertokia bigarren solairutik ere ikusi ahal izango da. Guztira 359 metro koadro izango ditu beheko solairuak.
Euskararen Etxea, lanerako espazioa
Beheko solairuan egongo da Euskararen Etxearen sarbide naturala, Errementari kaletik.
195 metro koadroko azalera erabilgarria eta 100 pertsonarentzako lekua izango du guztira beheko solairuak. Erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan. Gainera, proiekzio eta itzulpen kabinak, biltegiak, komunak eta aldgelak ere aurreikusi dira.
Beheko solaiaruan 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea egongo da, erakusketak, ludoteka eta bestelakoak egiteko. Aipatu bezala, Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko "balkoitzat" erabili ahal izango dela azaldu dute.
Bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko eskailera eta igogailua egongo dira. 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du bigarren solairuak. Bertan lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira.
Azkenik, hirugarren solairua jauregiko leku argitsuena izango da, 253 metro karraturekin. Patio nagusia estaltzeaz gain, lanerako guneak ere izango dira bertan, izan ere, hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela egongo dira.