Kaleratzeen aurkako elkarretaratzea egin dute Aernnovan

Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 11:08

Elkarretaratzea egin dute enpresak Miñanon dituen enpresen aurrean. / ELA

Enpresak Miñaoko parke teknologikoan dituen bi lantegietan kaleratzeak egin nahi dituztela salatu dute 

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Aernnovak kaleratzeak egin nahi ditu Arabako Miñaoko parke teknologikoan dauden Aernnova Engineering Solutions (AES) enpresan eta Aernnova Engineering Division (AED) enpresan. Hala iragarri die zuzendaritzak bi lantegiko batzordeekin izandako bileretan.

Horren aurrean, bi batzordeek, langileekin egindako asanbladen ostean, ia aho batez onartuta, kaleratzeen aurka egin dute. "Enpresak langileen %20a kaleratzearearekin mehatxu egin du, eta bi batzordeek 'Kaleratzerik Ez' politika defendatuko dute. Langileak eta batzordeak ere kontziente gara sektore aeronautikoaren egoera konplexua dela, baina ulertzen dugu gure lanpostuek eta gure baldintzek ez dutela egoera hau sortu", azaldu dute sindikatutik. Arazoa Covid-19ak sortutako "momentuko krisia" izan dela nabarmendu dute.

Era berean, gogoratu dute Aernnovak kendu nahi dituen lanpostuak Jaurlaritzak Industria 4.0 deitzen duen egitasmoaren barruan daudela, "eta azken urteetan milioi askotako inbertsioa egin da diru publikoarekin I+D+I-n". Langileek salatu dute administrazioak egoera horren aurrean erantzunik ez ematea, "gainera, sektore aeronautikoa estrategikoa denean eta gure gizartearen diru publikoarekin formaturiko profesionalez osatutakoa denean". Horren guztiaren aurrean, AES eta AEDko langileek adierazi dute "planto" egiten dutela, eta "azkeneraino" borrokatuko dutela lanpostuen alde eta lan baldintzen alde. "Langile batzordeak zuzendaritzari bere asmoak alde batera uztea exijitzen dio eta bere borondatea aldatzeko behin behineko neurriak negoziatu ahal izateko lanpostuak mantendu ahal izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago