Mercedeseko langileak: "Ez dugu titular batean oinarritutako zirku mediatikoa elikatuko"

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 11:01
Langileen protesta Mercedesek Gasteizen duen fabrika parean. / ELA SINDIKATUA

Astelehen arratsaldean Mercedeseko zuzendaritzak langile batzuei posta elektronikoz bidalitako oharrak hedabide batzuetan izan duen eragina ikusita, enpresa batzordeak, aho batez, hainbat puntu argitu nahi izan ditu.

Mercedeseko enpresa batzordeak, astearte arratsaldean aho batez plazaratutako ohar batean, "gardentasun falta eta langileekiko zein bere ordezkariekiko errespetu faltaren estrategia" erabiltzea leporatu dio enpresako zuzendaritzari, azken horrek urtarrilean behin-behineko 500 langile kaleratuko dituela iragarri ostean.

Argi eta garbi hitz egin dute langileen ordezkariek: "Ez dugu titular baten kolpean oinarritutako zirku mediatikoa elikatuko, enpresak nahi duen bezala". Izan ere, azpimarratu dute plantillak urteak daramatzala "balioa eta seriotasuna erakusten, enpresa taldearen barruan erreferente izateko", eta langile gisa merezi duten "gutxienekoa errespetua" dela deritzote.

Horrenbestez, ostiral honetan zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko bilera egin arte, ez dute balioetsiko zuzendaritzak barne mailan eta komunikabideetan zabaldutako informazioa, "langileen ordezkariekin behar bezala tratatzeari uko egin dion zerbait" delako.

Hedabideei iragazitako informazioa

Astearte goizean Mercedeseko zuzendaritzak El Correo egunkariaren bitartez albistea jakitera eman zuen unetik, haserrea piztu zen langileen eta euren ordezkarien artean. ALEAk sindikatuetako iturrien bitartez jaso zuenez, hitzarmenaren negoziazioa hurbil dago, eta, batzuen ustez, kaleratzeen inguruko informazioa "zuzendaritzaren estrategia bat izan daiteke, negoziazioaren hasiera baldintzatzeko".

Azaldu dutenez, udako oporretatik itzuli zirenetik, "behin baino gehiagotan" eskatu diote enpresako zuzendaritzari langileen batzordearekin bilera bat egiteko, aurtengo ekoizpenaren eta datorren urteko aurreikuspenen berri izateko. Azkenik, urriaren 26an, enpresak bilera baterako deialdia egin zuen, baina bilera ez zen egin. Langileen ordezkarien arabera, "enpresak ez zien batzordeko kide guztiei informazioa eman nahi, nahiz eta 2014az geroztik informazio guztia batzordeko kide guztiei helarazi behar zitzaiela eskatu zitzaion".

Ondoren, enpresak "informazio gutxi eta laburra" helarazi zien, eta beste bilera bat deitu zuen; baina, orduan ere, formatu bera planteatu zuela salatu dute: "Beste behin ere uko egin zion batzordeari informazioa emateari". Horren aurrean, joan den astean, egoera Lan Ikuskaritzan salatzea erabaki zuen enpresa batzordeak.

Azkenik, asteleheneko lehen orduan, batzordeak kontsultaldi bat irekitzeko eskatu zion enpresari, "txanda ez-estandar bat izango lukeen lan-eredu berriak funtsezko aldaketak eragin ditzakeela ulertuta". Egun berean, 14:59an, Emilio Titosek Batzorde osoa gonbidatu zuen bilera batera, hilaren 13rako, ostirala, enpresaren egoerari buruzko informaziorik "berriena eta garrantzitsuena" emateko.

Ordubete geroago, 15:58an, enpresak mezu elektroniko bat bidali zien tresna hori duten pertsonei, "jakitun hedabideetara iragazi zitekeen zerbait zela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide