Euskal Herriko ostalariek ez dute ulertzen beste sektore batzuen aldean ostalaritzari ezarritako neurri murriztaileen "gogortasuna", eta, horregatik, eta sektorearentzako laguntzak eskatzeko, kalera itzuliko dira larunbat honetan, azaroaren 7an, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen; mobilizazioak aldi berean izango dira, 17:00etan. Arabako hiriburuaren kasuan, Bilbo plazatik abiatuko da manifestazioa.
Pandemia geldiarazteko neurrien aurrean, sektorearentzako laguntza eskatu dute. "Oso kezkatuta gaude osasun neurri berriekin, eta horrek establezimendu asko ixtea ekarriko du. Badakigu osasun egoera larria dela, eta neurriak hartu behar direla", azaldu dute ohar batean, baina, ohartarazi dutenez, neurriek diru sarreren %60-80 eta %100era arteko beherakada ekarri dute kasu gehienetan. Ostegun honetan ezarritako ostalaritzaren erabateko itxierak, gainera, egoera muturreraino eraman du.
Neurri murriztaile horiek sektorearentzako laguntzekin osagarritzea ezinbestekoa dela uste dute: zehazki, alokairuak eta hipotekak ordaintzeko laguntza plan bat, BEZaren aldi baterako murrizketa, ABLEE egoeran dauden pertsonei unean uneko ordainketa egitea, eta udal tasak jaistea eskatzen dute; besteak beste, zaborra, ura eta terrazak.
%50eko murrizketak aplikatuko balira, zergak eta tasak ehuneko berean jaistea proposatu dute. Erabateko itxiera ezartzen bada (azkenean egin den bezala), ordea, ordaintzetik salbuestea eskatu dute neurria indarrean dagoen bitartean.
Langileak babesteko neurriak
Enpresa ikuspegitik harago, LAB sindikatuak eskatu du ostalaritzako langileak babesteko ezohiko neurriak ezartzea eta "pandemiak bereziki eragindako jarduera gisa" deklaratzea.
"Kate luzea dago taberna bakoitzaren atzean, hala nola ekoizle zein banatzaileak, garbitzaile edota aholkularitzak, eta ondorio latzak eragiten ari dira murrizketok langile askorengan", ohartarazi du sindikatuak. "Laguntza orok enplegua bermatzeko baldintza izan behar du, kaleratzeak debekatuz eta langileen langabeziak osagarrituz".
"Erabaki politikoak debeku eta isunak arautzera mugatzen ari dira soilik, inolaz ere ez sektorea babesteko neurrietara". LABek gogor salatu du sektoreak bizi duen "kriminalizazioa", eta atxikimendua adierazi die astebururako deitutako mobilizazioei.