Euskal Herriko beste lurraldetako ostalariekin batera Gasteizko tabernariek deitutako manifestazioak Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioarekin kointziditu du.
12:00etan Santa Maria plazatik abiatu, erdialdeko kaleetatik Florida parkeraino ailegatu -Legebiltzarraren parean- eta bi ostalariren hitzartzearekin amaitu da, Kioskoan. Bitartean, Alde Zaharreko taberna gehienak itxita egon dira; pertsianetan, "itxita" zioten kartelak eta konponbidearen aldeko mezuak.
Mobilizazioaren sustatzaileek ostalaritza "arrisku bizian" dagoela ziurtatu dute: "Kriminalizatu nahi izan dute eta presentzia poliziala itogarria da; bakean lan egin nahi dugu"; normaltasunez lan egin nahi dute, baina, bestela, instituzioen laguntza -baita ekonomikoa ere- beharrezkoa dela deritzote, "ez soilik trabak jartzeko".
Manifestariek zeramatzaten karteletan irakur zitekeen leloak argi utzi du ostalariek Eusko Jaurlaritzari egiten dioten eskaera: "Konponbideak nahi ditugu. Ostalaritza aurrera!". Gainera, "Lan egiten utzi, edo lagun gaitzazue", "Euskal taskeroak borrokan" edo "Ostalaritza bizirik" bezalako oihuak ere entzun dira.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken neurriek eragin berezia izan dute ostalaritzarengan, pandemiaren sektorea dagoeneko krisi larrian dagoen bitartean: besteak beste, tabernak eta jatetxeak 1:00etan itxi behar dituzte, barruan soilik eserita egoteko aukera dago, eta edukiera 60 pertsonakoa da gehienez -1,5 metroko distantziarekin-. Horrekin batera, pub eta diskotekek egunez bakarrik irekitzeko aukera dute orain, lizentzia aldatzeko izapideak egin ostean.
Sektorearen biziraupena
Pandemia hasi zenetik ziurgabetasuna nagusitu da ostalarien artean, bai Araban eta baita beste lurraldeetan ere; ez soilik arlo ekonomikoari dagokionez, baita segurtasun protokoloak zorrotz errespetatu arren bizi izan duten murrizketa etengabeari dagokionez ere.
Ekainean, normaltasun berriarekin batera, Kutxiko ostalariek bilera bat eskatu zioten Gasteizko Udalari, sektorearen biziraupenerako.
Orduz geroztik, mugimendu handia duen Alde Zaharreko kale horretako ostalariek ez dute bide erraza izan. Poteo arduratsuaren aldeko kanpaina egin dute, besteak beste, baina Jaurlaritzaren azken neurriek sektorearen haserrea piztu dute berriz ere.
Gainera, ostalaritzaren "kriminalizazioa" salatzen duten bitartean, abuztu osoan Araban atzemandako 2.000 kasu positiboetatik, soilik 75 kutsatu dira ostalaritzarekin lotutako fokuetan.