Aldaialdeko gurasoek mobilizazioei berrekin diete, aurrerapausoak exijitzeko

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 11:54

Aldaiaberri Guraso Elkarteak mobilizazioak berrartu ditu, Aldaialde ikastetxearen izapideak arintzeko eta lizitazioa "atzerapen gehiagorik gabe" argitaratu dadin. Asteazken honetan auto karabana bat egin dute familiek, Eusko Jaurlaritzaraino.

Astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak iragarri duenez, proiektuaren lizitazioa "datozen hilabeteetan" onartu eta argitaratuko du Gobernu Kontseiluak, baina aurrerapen falta kritikatu dute familiek.

Izan ere, Aldaialde ikastetxeko ikasleek oraindik ere barrakoietan hasi dute bosgarren ikasturtea. Egoera horrek kaltetutako ikasleen familiek salatu dute oraindik ez dakitela noiz hasiko den behin betiko zentroa eraikitzen; izan ere, atzerapena hainbat urtez luzatu da jada, lurperatze proiektua eta beste izapide administratibo batzuk direla eta. Egoera horrek 300 familia baino gehiagori eragin die.

Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak lizitazioaren pleguak prestatzen joateko konpromisoa hartu zuen, lanak gehiago ez atzeratzeko, baina Udalak maiatzaren amaieran eman zuen lizentzia, eta azaroan oraindik ez da lizitazioa argitaratu: "Erakundeetako ordezkariei galdetzen diegun bakoitzean esaten digute: laster, gutxi falta da; baina inoiz ez dakite esaten noiz. Egunak, asteak, hilabeteak pasatzen dira, eta Aldaialde HLHIko haurrek barrakoietan eskolak jasotzen dituzten bosgarren ikasturtea da".

Urriaren 22an, bilera bat egin zuten Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Aldaialderen egoeraz hitz egiteko. Familiek informazioa eskatu zuten, baina, salatu dutenez, oraindik inor ez da beraiekin harremanetan jarri.

Hori dela eta, "galderei erantzunik ematen ez zaienez", Aldaiaberri Guraso Elkarteak mobilizazioak berrartu ditu, izapideak arintzeko eta lizitazioa "atzerapen gehiagorik gabe" argitaratzeko. Asteazken honetan, azaroaren 4an, auto karabana bat egin dute; 16:15ean, Aldaialde HLHIko egungo instalazioetatik abiatu dira Eusko Jaurlaritzaraino.

Erlazionatuak

Aldaialde, une erabakigarrian

Erredakzioa 2020 aza 02 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago