GEU Elkartearentzat erronkaz beteta dator 2020/2021 ikasturtea: Mintzalaguna, Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira, Begi Belarri ikus-entzunezko emanaldiak, Igandeak Jai familientzako saioak... Covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, segurtasun arauak bermatzeko ahalegina egin beharko dute, baina urteroko plangintza aurrera eramango du ikasturte honetan ere.
Gogoratu dutenez, martxoan hasitako etxealdian zehar, GEU elkarteak bere egitasmoak moldatu eta birformulatu behar izan zituen, eta, udan, diru bilketa edo crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten, aurten GEU Txosnarik ez egoteak eragindako oztopo ekonomikoei aurre egiteko. "Orain, ikasturte berria martxan dago, eta ilusioz ekin nahi diogu erronka berriei", ospatu dute GEUko kideek.
GEU Fest
Hortaz, ikasturte berriari hasiera emateko, ikuskizun laburrez beteriko arratsaldea antolatu du GEU Elkarteak. Azaroaren 5ean, 18:30etik aurrera, Jimmy Jazz aretoan izango da GEU Fest jaialdi eta ekitaldia.
Ekitaldia Oihan Vega aurkezle, irrati esatari eta musikariak gidatuko du. Bestalde, bakarrizketak tartekatuz, musika, bertsoak eta hula-hop saioak eskainiko dira; gainera, GEU Elkarteak irudi berria aurkezteko baliatuko du ekitaldia.
Kafe antzoki bat izango balitz bezala, publikoa mahaietan eserita egongo da. Sarrera doakoa izango da, baina segurtasun zein osasun neurriak direla eta, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea; dagoeneko sarrerak eskatzeko aukera dago Entradium plataformaren bitartez.