Ziurgabetasunak gogor jo du GEU elkartean ere, eta hamaika egokitzapenekin eta irudimenari eraginez egin behar izan diote aurre denboraldi zail honi. Arlo ekonomikoari dagokionez, programei eusteko lanean dabiltza erakunde batzuetako diru-laguntzak bertan behera geratu edo murriztu badira ere. Eta euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lanean jendearen harremanak izanik oinarri, honek guztiak jasan duen murrizketak gogor kolpatu du elkartea, Azaitz Unanue koordinatzaileak azaldu duen moduan.
Egoera berrira moldatzeak, baina, bestelako bide batzuk arakatzea ekarri du elkartearentzat. "Jarduerak online egitera egokitzeak beste aukera batzuk eman dizkigu, eta lehen heltzen ez ginen sektore batera heldu gara sare sozialen bitartez", nabarmendu du Unanuek. Crowdfunding kanpaina bat ere jarri zuten martxan, eta elkartea zenbat jendek babesten duen erakutsi zien horrek: "Jendearen berotasuna jaso genuen. Normalean gertukoetara jotzen dugu, baina ikusi dugu GEU elkarteak badaukala saretxo bat, eta sare hori uste baino urrutirago heltzen dela".
Egoerak apaldu ez ezik, indartu egin dute apustua elkartean. Besteak beste, webgune berria aurkeztu dute, eta abian diren jarduerak aurkezteko ekitaldia egingo dute azaroaren 5ean, 18:30ean. "Irudi berria aurkeztu eta ikasturte berriari hasiera eman nahi diogu Jimmy Jazz aretoan egingo dugun jaialdiarekin". Mintzalaguna egitasmoaren kanpaina hastearekin batera, ekitaldi bat egiten zuten urtero kalean, gaur gaurkoz egin ezin daitekeena, eta modu seguru batean egingo dute hori elkarteak antolatutako jaian; GEU Fest jaialdian parte hartzeko entradium.com webgunean eros daiteke sarrera aurretik.
Jarduerak martxan
Bien bitartean, elkarteak dituen hamaika jardueren artean hainbatek aurrera jarraitzen dute. Mintzalaguna egitasmoa, esaterako, online egiteko aukera eskaintzen dute, eta espero baino lagun gehiagok eman dute izena dagoeneko. Irakurle Klubak ere ikasturtea hasiko du ostegunean, urriaren 29an, Karmele Jaioren Aitaren etxea liburuarekin. GEUrekin Mendira egitasmoak, aldiz, itxaron egin beharko du momentuz.