Tuvisako autobusen maiztasuna handitzea eskatu dute

Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 11:40
Gaur egun, soilik 2, 4, 5 eta 6 lineak daude %100ean martxan. / GASTEIZKO UDALA

Eusko Jaurlaritzak garraio publikoaren maiztasuna handitzea gomendatu du, bereziki puntako orduetan; "berehala eta premiaz" egitea eskatu du EH Bilduk. Udalak, ordea, azpimarratu du linea erabilienak %100ean daudela irailetik.

Azken egunetan, ohikoak bihurtu dira jendez betetako autobusen irudiak puntako orduetan. Erabiltzaile kopurua berreskuratzen ari da Gasteizen, hiriko autobusetan arrisku egoerak sortuz. Izan ere, Tuvisak ez ditu oraindik berreskuratu pandemiaren aurreko maiztasunak linea guztietan. Azken hilabeteetan, ordutegiak "eskaera egonez gero" berreskuratuko liratekela adierazi dute Udalak eta Tuvisako zuzendaritzak.

Hala ere, beste aholkuren artean, Eusko Jaurlaritzak berak gomendatu du "garraioaren maiztasuna eta unitate kopurua areagotzea puntako orduetan, pilaketak saihesteko", garraio publikoaren kudeatzaileei dei eginez.

EH Bildu: "Berehala eta premiaz"

Aste honetan ere, Gasteizko EH Bilduk eskatu du, Tuvisako autobusen maiztasuna "berehala eta premiaz" handitzea, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideei jarraituz. Segurtasun neurriak betetzeko, maiztasuna handitzeko unea dela uste dute, eta, bestela, zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatuko duela ohartarazi du EH Bilduk.

Izan ere, ezkerreko subiranistek uda aurretik aldarrikatu dute hiriko autobusen maiztasuna areagotzeko beharra, batez ere "ikastetxeetara eta lantokietara sartzeko eta irteteko orduetan".

Linea erabilienak %100ean

Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziaren ustez, "osasun publikoko kontu bat da", eta Urtaranen gobernuari leporatu dio "irizpide ekonomikoak aitzakia moduan" erabiltzea, eta "behingoz, pertsonen segurtasuna bermatzearen alde lan egiten hastea" exijitu dio.

Bere aldetik, Gasteizko Udalak gogorarazi du okupazio handiena duten lineak %100ean daudela irailetik, eta, pandemia hasi zenetik, Tuvisak astero aztertzen duela bere okupazioa, herritarren beharretara egokitzeko. Hain zuzen ere, 2, 4, 5 eta 6 lineak %100ean martxan daude gaur egun —10 minutuko maiztasunarekin lan egiten dute lanegunetan—.

Baina ohiko maiztasunak berreskuratu ez dituzten beste linea batzuk ere badaude hirian: L1 —15 minuturo—, L3 —30 minuturo—, L7 —15 minuturo—, L8 —15 minuturo—, L9 —30 minuturo— eta L10 —15 minuturo—.

Tuvisaren datuen arabera, gainerako lineak %100era igotzea "ez da beharrezkoa momentuz". Udalak azaldu duenez, erabiltzaileen %77k zerbitzuen %100 duten lineetan bidaiatzen du; beste lineetan, ordea, soilik bidaiarien %23 mugitzen da.

Hala ere, maiztasunak handitzeko eskaera Tuvisako lineen erabiltzaileen artean ere zabaltzen ari da, eta baita herritarren postontzian ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide