Pandemiaren bigarren olatuak EAEren osasun egoera larriagotu du azken asteetan. Ez soilik positiboen kopuruagatik eta intzidentzia-tasa altuagatik, baita ospitaleetako ZIUen saturazioagatik; gainera, Gipuzkoako ZIUak gainezka daudenez, gaixoak Arabako Unibertsitate Ospitalera eramaten hasi dira. Bitartean, igande honetan, 97 positibo atzeman dira Araban.
Kezka areagotzen ari da, eta Eusko Jaurlaritzak berak onartu du "arriskua handia" dela. Astelehen honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak Radio Euskadin azaldu duenez, une honetan hiru aukera daude mahai gainean: itxiera aurreratzea; soilik lana eta eskolak mantentzea; edo erabateko konfinamendua. Astean zehar metatutako datuen arabera zehaztuko dira neurri berriak.
Bitartean, asteburu honetan gomendio sorta bat plazaratu du LABIren Aholku Batzordearen Batzorde Teknikoak, pandemiaren susperraldia geldiarazteko. Plazaratutako gomendio ofizial horiek "garrantzitsuak eta gainerako murrizketen osagarriak" direla ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.
1. TOPAKETAK
- Familia edo gizarte jarduera oro bertan behera uztea edo atzeratzea, "arrisku handiko" egoera epidemiologikoak dirauen bitartean. Barruko gizarte topaketak bizikidetza egonkorreko taldera mugatzea, eta elkarreragin sozialeko jarduerak ondo aireztatutako espazio irekietan egitea.
2. AUTOISOLAMENDUA
- Autoisolamendua eta automiaketa prebentiboak, Covid-19arekin bateragarria den sintomarik izanez gero; hala bada, Osasun Zerbitzuari jakinarazi behar zaio. "Jarrera arduratsu eta zibikoena berehalako autoisolamendua da, eta automiaketa, hau da, azken bi egunetan izandako harreman estuen zerrenda egitea".
3. ENPRESAK
- Telelana eta ordutegi malguak sustatzea enpresetan.
4. GARRAIO PUBLIKOA
- Garraio publikoan maiztasunak handitzea, pilaketak saihesteko; batez ere puntako orduetan.
5. APP OFIZIALAK
- Erakundeek aktibatutako app-ak erabiltzea, kutsatzeen eta miaketaren jarraipena errazteko; EAEren kasuan, Covid-19.eus eta Radar Covid aplikazioak.
6. OSTALARITZA
- Ostalaritzako espazioak erabiltzea futbol partidak edo bestelako ekitaldiak kolektiboki ikusteko "birusa transmititzeko arrisku handiko testuinguru objektiboa da", Osasun Sailaren arabera. Edaria edo janaria hartzen den unean bakarrik ken daiteke maskara, eta kontrakoa egitea "infekziorako arrisku-foku objektiboa eta egokia" dela ohartarazi du.
7. KIROL INSTALAZIOAK
- Kirol instalazio itxiak arrisku handiko guneak dira, eta prebentzio neurriak zorroztea gomendatzen da; bereziki, gimnasioetan eta kiroldegietan aldagelarik ez erabiltzea. Gainera, ez da gomendatzen publiko gisa joatea ingurune itxietako lehiaketetara. Kirol jarduera bera maskararekin egin behar da, gehienez sei pertsonako taldetan antolatuta eta gutxieneko distantzia errespetatuz.
8. ELKARGUNEAK
- Korridoreak, hall-ak edo tabernak bezalako elkarguneetan, egonaldiak eta joan-etorriak arautzeko protokoloak zorroztu behar dira. Erabiltzaileei gomendatzen zaie prebentzio neurriak bereziki zaintzea.
9. NORBANAKOEN JARRERA
- Ezarritako neurriez harago, norbanakoaren jarrerari dagokionez, eskuen higienea, maskara, distantzia soziala eta bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko topaketa sozialak mugatzea gomendatu dute.
10. AIREZTAPENA
- Espazio itxiak etengabe aireztatzea, airea berrituz, prebentzio neurri eraginkorra da. Edonola ere, hori betetzea gomendatzen da, eta, bereziki, sotoetan zein erdi-sotoetan kokatutako edo aireztapen txarra duten establezimenduetan. Testuinguru horietan, airea berritzeko aireztapena areagotzeaz gain, distantzia, higienea, gehieneko edukiera eta maskara erabiltzeko prebentzio neurriak zorroztu behar dira, protokolo baten barruan.