Alestiseko langileen gehiengoak CCOOk eta UGTk sinatutako akordioa arbuiatu du

Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 16:47

Alestisek Gasteizen duen lantegiko enpresa batzordearen agerraldia. / @AlestisB

CCOO eta UGT sindikatuek Alestiseko zuzendaritzarekin estatu mailan sinatutako akordioak 56 kaleratze eta "borondatezko" 21 irteera utzi ditu Araban; ia plantilla erdia suntsitu da. Bertako enpresa batzordeak "ezezko borobila" eman dio akordioari.

Asteazkenean, urriaren 28an, amaitu zen Alestis enpresak estatu mailan planteatutako EEEaren negoziazioa. Zuzendaritzak CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioak 56 kaleratze eta "borondatezko" 21 irteera utzi ditu —"kaleratze fortzatu eta aurrejubilazioak", sindikatuen arabera— Miñaoko lantegian, Gasteizen. Hau da, 77 lanpostu suntsitu dira, plantillaren %43; beste 94 kaleratze izango dira Sevillan eta Cadizen.

"Gure ezezko borobila ematen diogu EEE honi, eta bertan agertzen diren kausa estrukturalak ez ditugu onartzen, negoziazio mahaiko gehiengoak horrela egin arren. Lanpostuen eta pertsonen bizitzen merkadeoaz hitz egin da, eta ez behar zenari buruz: Aeronautikan dagoen lan kargaren jaitsiera koiunturalaren eta horri aurre egitearen inguruan", salatu du enpresa batzordeak.

Neurri judizialak

Ostiral honetako agerraldia enpresa batzordeko gehiengoak egin du, Zaramagako Martxoak 3 plazan. Bertan azpimarratu dute "Alestisen ez dagoela inor soberan" eta beharrezko neurri judizialak hartuko dituztela "astakeria hau atzera botatzeko".

Kaleratzeen eragin handiena Gasteizko lantegiak jasango duen arren, estatu mailako negoziazioan batzordeko bi kidek baino ez dute parte hartu: CGTko ordezkari bat eta ELAko beste bat, akordioa sinatzearen aurka agertu ziren bakarrak. Izan ere, akordioa babestu duten sindikatuak CCOO —ez du ordezkaritzarik Miñaoko batzordean— eta UGT sindikatuak izan dira.

"Gainera, soldatak izoztu egin dituzte, kontuan izan gabe gure negoziazio esparrua, hau da, gure enpresako Lan Hitzarmena; mila aldiz esan dugun moduan: hemen lan egin, hemen negoziatu", salatu dute.

Enpresa batzordeak borrokan jarraituko du, "bai juridikoki, baita behar den edozein modura ere, hau geldiarazteko; ez ditugu EEEak eta kaleratzeak onartzen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago