Negoziazioa amaitu da Alestisen: 56 kaleratze eta borondatezko 21 irteera

Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 14:00

Alestis enpresako Gasteizko langileek greba egin dute ostegun honetan. / ELA SINDIKATUA

Alestiseko espedientearen inguruko negoziazioa 56 kaleratzerekin eta borondatezko beste 21 irteerarekin itxi da Gasteizen; hau da, 77 lanpostu suntsitu dira (%43). Lantegia 100 langilerekin geratuko da urtea amaitu baino lehen.

Amaitu da estatu mailako negoziazioa Alestisen: enplegua erregulatzeko espedientea (EEE) negoziatzeko epea agortuta, Alestisek Arabako Parke Teknologikoan (Miñao) duen lantegiko 56 langile kaleratuko dituzte urtea amaitu aurretik. Estatu mailako kaleratzeen herena baino gehiago Araban izango dira; beste 94 kaleratze izango dira Sevillan eta Cadizen.

Kaleratze horiez gain, abenduan borondatez alde egingo duten edo aurrejubilatuko diren beste 21 langile daude. Gainera, ekainean, beste zortzi behargin joan ziren. Alestisek 178 langile zituen udaberrian, eta, urte erdi barru, ehun baino ez dira izango.

Baldintzei dagokienez, kaleratutako langileek 25 egun kobratuko dituzte lan egindako urte bakoitzeko, 14 hilabeteko mugarekin eta 10.000 euroko minimoarekin. Borondatez joango direnek, ordea, 30 egun kobratuko dituzte, 16 hilabeteko mugarekin. "Baldintzak ez dira batere onak, askoz hobeto negozia zitekeen", salatu dute Gasteizko enpresa batzordeko kideek.

Gainera, "alternatibak" bilatu behar zirela kritikatu dute LAB, ELA eta CGT sindikatuek, "hala nola txandakako lan-erregulazio espedientea edo lanaldia murriztea".

Estatu mailako negoziazioa

Estatu mailako negoziazioan, Gasteizko enpresa batzordeko bi kidek baino ez dute parte hartu: CGTko bat eta ELAko beste bat, akordioa sinatzearen aurka agertu ziren bakarrak. Izan ere, akordioa babestu duten sindikatuak CCOO —ez du ordezkaritzarik Miñaoko batzordean eta UGT sindikatuak izan dira.

Irailean, Gasteizko lantegiko 87 langile kaleratzea plantillaren %46 planteatzen zuen enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzen hasi zen Alestis enpresa; guztira, 585 kaleratze planteatu ziren estatu osoan.

LAB eta ELA sindikatuek kaleratzeen aurkako "jarrera irmoa" adierazi zuten hasieratik, eta enpresaren "fede txarra" salatu zuten; izan ere, estatu mailako negoziazioak oporretan eta langile guztiak aldi baterako lan-erregulazioko egoeran zeuden bitartean hasi ziren.

Sindikatu horien ustez, gainera, kaleratzeak estatu mailako prozedura batean planteatzeko erabakiak ez du Gasteizko enpresa batzordearen eta langileen borondatea errespetatzen, eta "benetako negoziazio ahalmenik gabe" utzi ditu. "Gasteizko langileek beren lan etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea defendatzen dugu, beste esparru batzuetatik inposatu gabe", adierazi du sindikatuak.

Halaber, ELA sindikatuak etengabe defendatu du "egoera koiunturala" dela, eta ez egiturazkoa: "Gainditu egin daiteke kideak kalean utzi gabe". Espedientea justifikatzeko, ordea, Covid-19ak aeronautikaren sektorean eragindako egoera eta "ekoizpenari lotutako arrazoiak" argudiatu ditu enpresak.

Aeronautikaren sektoreko lehen mailako hornitzailea (Tier-1) da Alestis azpikontrata, eta sektoreko enpresa nagusientzat egiten du lan, hala nola Airbus, Embraer edo Boeing. Akzioen %75,95 duen Aciturri enpresa taldearen esku dago, eta SEPI Espainiako industria arloko erakunde publikoak du gainontzeko %24,05.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago