Abenduaren 22an egingo da Arabako produktuen Gabonetako Azoka

Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 10:55

Gabonetako Azoka tradizionalaren aurreko edizio bat. / ALEA

Arabako ekoizle eta artisauak baino ez dira izango Gabonetako Nekazaritza Azoka tradizionalean, abenduaren 22an. Vital Fundazioak "ahalegin handia" egin du azoka enblematiko hau aurten ez galtzeko.

Pandemiak ez du lortu gasteiztarren Gabonetako tradizio sustraituenetako bat bertan behera uztea. Hori bai, Gabon gauaren aurreko ostegunean egin ordez, asteartean, abenduaren 22an, 9:00etatik 14:30era egongo da zabalik Gabonetako Nekazaritza Azoka, Plaza Berrian.

Hori bai, merkatuaren 63. edizioa formatu txikiago batean egingo da: Arabako produktuen Gabonetako Azoka izena hartuko du, eta ekoizle zein artisau arabarrek baino ez dute parte hartuko.

Parte hartu nahi duten ekoizleek eta saltzaileek azaroaren 2aren eta 12aren artean aurkeztu beharko dituzte eskaerak Vital Fundazioaren webgunearen bitartez; azokan parte hartu ohi duten ekoizle eta eskulangile arabarren %100ak parte hartu ahal izatea da antolatzaileen helburua.

Izan ere, Vital Fundazioa lanean aritu da azken asteetan ekitaldi enblematiko hori segurtasun baldintzak kontuan hartuta egin ahal izateko; beharrezkoak diren edukiera, distantzia eta segurtasun neurriak beteko dira. Gainera, gehienez ere 40 postu baino ez dira egongo, ohikoaren herena.

Sei hamarkadako tradizioa

Ezohikoa izango da 2020ko edizioa, baina Gabonetako Azoka sei hamarkada luzez egin da Arabako hiriburuan, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. "Nahiz eta ezberdina izango den, alde ekonomikoari dagokionez ekoizle eta artisau txikientzat oso garrantzitsua den ekimen horri eustea da helburua", azaldu du Vital Fundazioak.

Etxeko produktu ugari izango dira, hala nola frutak, barazkiak eta ortuariak; haragiak eta hestebeteak; gaztak, eztia, pateak, kontserbak, ardoak eta likoreak; ogia eta gozogintza euskal pastela, erroskillak edo tartak. Eta bestelako elikagai batzuk ere: Gabonetakoak, ekologikoak, boilurra, arrautzak edo Arabako olioa; baita tokiko artisautza ere: bitxiak, artilezko gaiak, egurra, loreak eta landareak.

Hala ere, aurten ezin izango da produktuen dastaketarik egin inongo postutan, ezta elikagai-produktuen autozerbitzurik ere. Horrez gain, etxeko hegaztien ohiko erakusketaz eta salmentaz ere ezin izango da gozatu, jende pilaketa gehien sortzen duen guneetako bat izaten delako.

Erronka Garbia egiaztapena

Gabonetako Azokak Erronka Garbia – Ingurumenaren aldetik jasangarria den ekitaldia ziurtagiria lehen aldiz lortu dezan lan egiten ari da Vital Fundazioa, horrelako ekitaldi batek ingurumenean izan dezakeen eragin negatiboa minimizatzeko. Hortaz, ingurumen-aztarna murrizteko diseinatu da ekitaldi osoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago