Norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte aurten euskararen alde hizkuntza praktika berriak sustatzeko. Ariguneen bidez egingo dute lan hori. Gasteizko koordinatzaile Josu Pedruzok Euskaraldia hiriburuan izaten ari den harreraz hitz egin du.
2018an bizi izan genuen lehendabizikoz Euskaraldia eta oihartzun zabala izan zuen. Zergatik izan zuen horren harrera ona herritarren artean?
Dinamika berriak proposatzen dituen proiektu bat da, eta horietan azaleratzen dira antzinean azaleratu gabe egon diren hainbat elementu. Kasu honetan, garrantzitsuena da mahai gainean jartzea zein den gai ulertzeko eta hitz egiteko; hor dago gakoetako bat. Ahobizi eta Belarriprest rolak modu batean edo bestean identifikatzen dira, bestelako proiektuek eragin dezaketen beldurrak edo gaindituz.
Euskaraldiak iraun zuen hamaika egun horietatik harago, Euskaraldiak hizkuntz ohituretan izan duen eragina positiboa izan al da?
Bai. Ez dakit etorkizunean egitasmo estrategikoa bihurtu behar den, baina, gutxienez, hamaika egun horietan hizkuntza ohiturak moldatu zituen, eta geroago, hurrengo hilabetean ere sumatu zen aldaketa bat. Baina hortik aurrera, oro har, modu estrategikoan, ez da hainbeste nabaritu.
Garrantzitsuena da herrigintzatik jaiotako beste mugimendu bat dela, baina, oraingoan administrazioa batu egin zaiola.
Horrekin lotuta, beharrezkoak dira mota honetako ekimenak jendea mobilizatzeko?
Nik begi onez ikusten ditut. Saiakera ezberdinak egiten gabiltza beti, eta Euskaraldia horietako bat izan da. Garrantzitsuena da herrigintzatik jaiotako beste mugimendu bat dela, baina, oraingoan administrazioa batu egin zaiola.
Laster izango dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa, zein da orain arteko balorazioa?
Zaila, ezjakintasunean murgilduta ibili gara azken hilabeteotan. Aurreko edizioarekin alderatuz, ez dakigu oraindik zenbatek emango duten izena, baina ni nahiko baikorra naiz. Orain arte egindako lanketa jarraitua izan ez bada ere eta zailtasunak izan baditu ere, gutxienez, inplikatuta egon den jendearen erantzuna oso positiboa izan da. Agian, kuantitatiboki ez da oso positiboa izan; baina kualitatiboki, bai, parte hartu dutenak hor egon direlako lanean. Bestalde, auzo batzordeei dagokionez, pandemiak herren utzi gaitu, gutxiago egon direlako; hasieran, hamaika ziren eta gaur egun, lau daude aktibo Gasteizen. Baina, nire ustez, aktibotasun falta horrek ez du euskararekiko jarrera ezkorrik, auzo batzordeetan lan egin ez badute ere, beraien lanean edo etxean euskara erabiltzen jarraitzen dutelako.
Pandemia dela eta, 'ariguneekin' izandako lanketa ere eten egin behar izan da, ezta?
Bai. Gure hasierako ideia zen urte osoa erabiltzea askotariko entitateekin lanketa ezberdinak egiteko, baina eten egin zen eta hankamotz geratu da. Halere, lortu dugu mugitzea, administrazio eta herrigintzari esker. Fisikoki ezin zenez egin, modu digitalera egin dugu salto; arlo horretan trebatzeko aukera eman digu ezohiko egoerak.
Gasteizen, bigarren edo hirugarren planoan utzi dute estrategikoa den proiektu bat, bere erantzukizuna alde batera utziz.
Zer nolako garrantzia izan dute erakunde publikoek aurtengo Euskaraldian?
Aurten, ez da orain dela bi urteko babesik egon; %55eko murrizketa izan dugu. Alde batetik, ulertzen dugu egoera ikusita horrelako zerbait gertatu behar zela, baina, aldi berean, uste dugu administrazio publikoek esfortzu gehiago egin zezaketela. Gasteizen, bigarren edo hirugarren planoan utzi dute estrategikoa den proiektu bat, bere erantzukizuna alde batera utziz.
Eta erakunde pribatuek?
Kontaktua egin dugunekin nahiko erantzun positiboa jaso dugu. Ariguneak planteatzearen lehendabiziko pausua ematea oso interesgarria izan da, bestelako gabeziak azaleratu ditugulako. Entitate pribatuen arloa, etorkizunera begira, gehiago landu beharko genuke.
Entitate mota ezberdinak aipatzen hasita, aurtengo berrikuntza nagusia 'arigunea' da, zer da zehazki 'arigune' bat?
2018ko edizioan, norbanaka bi rol erabiltzeko aukera izan zen; eta aurtengoan, kolektiborako jauzia egiteko beharra ikusi da, eta ariguneak sortu dira; hain justu ere, entitate baten barruan euskaraz aritzeko gune lasaia. Entitateen barruan, enpresa pribatuak; administrazio publikoak; elkarteak edota hezkuntza, kultura edo kirolarekin lotutako taldeak egon daitezke.
Zenbat 'arigune' izango ditugu aurten Gasteizen?
Denera, 120 entitate baino gehiagok eman dute izena hiriburuan, 700 barne eta kanpo arigune sortu dituzte, eta horietan 4.000 lagunek hartuko dute parte.
Eta orain, herritarren txanda da, zer moduz erantzun dute oraingoz herritarrek?
Ez dute gaizki erantzun, milaka dira eta. Hemendik aurrerako asmoa da ikusgarritasun gehiago ematea egitasmoari, atxikimendu gehiago lortzeko.
Oraindik izena eman ez dutenei zer mezu bidaliko zenieke?
Zailtasunez beteriko urte honetan, hizkuntza aniztasuna alde batera utzi da, euskal hiztunei zein hain euskal hiztunak ez direnei dagokie hutsune hori betetzea. Euskararen alde egitea gure erantzukizuna da modu batean, eta Euskaraldia da praktikan jartzeko aukera bat. Hortaz, parte hartu!