Marina Sagastizabalek 'Hiruki gatazkatsua' liburua aurkeztuko du Gasteizen

Erredakzioa 2020ko urr. 26a, 18:17
'Hiruki gatazkatsua', Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren zortzigarrena. / ARROSA SAREA

Lisipe bilduma feministaren barruan, Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua. Etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa liburua argitaratu berri du Susa argitaletxeak. Urriaren 30ean aurkeztuko dute Gasteizen.

1980ko hamarkadan, zenbait emakumezko soziologo italiarrek doppia presenza (presentzia bikoitza) kontzeptua proposatu zuten, emakumeek euren eguneroko bizitzan koordinatu eta bateragarri egin behar dituzten espazio eta denbora ugariak adierazteko. Marina Sagastizabal soziologo gasteiztarrak militantzia soziopolitikoa gehitu du ekuazioan.

Bilgune Feministako zein mugimendu feministako kide izateaz gain, Sagastizabal Soziologian doktorea da, eta, besteak beste, presentzia hirukoitzaren kontzeptua sortu du bere tesian; horretarako, etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa generoaren arabera nola uztartzen diren aztertu du ikuspegi feministatik.

Hamalau gizon eta emakumeri egindako elkarrizketak baliatuz, Micaela Portilla Vitoria saria jaso zuen 2017an, EHUko ikasketa feministei edo generokoei buruzko tesi onena egin baitzuen. Tesia liburu bilakatu du, eta 2020an Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren zortzigarren zenbaki gisa argitaratu berri du.

Aurkezpena Gasteizen

Gasteizko Bilgune Feministak Hiruki gatazkatsua liburua aurkeztuko du datorren ostiralean, hilaren 30ean, 18:00etan Judimendiko Auzo Elkartean Cola y Goiti kalea, 9. behea—. Osasun egoera dela eta, segurtasun neurri guztiak mantenduko dira —musukoa derrigorrez, garbiketa eta pertsonen arteko distantzia—, eta gehienez 25 pertsonako edukiera ezarri da.

"Emakume langileek bi lan egin behar dituzte egunero: ordaindutako lanari ordaindu gabekoa gehitzen zaio. Gainera, aldiberekotasunean kudeatu beharreko lanak dira. Emakume horiek ez dute denborarik beste ezertarako", azaldu du Bilgune Feministak. "Hortaz, zeintzuk dira parte hartze soziopolitikorako aukerak? Zein da militantziarako geratzen den tartea? Orobat, emakumeak desagertu egiten dira esparru horietatik zaintza ardurak agertzen direnean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide