Iruñerrian atxilotu dute Salburuan emakume bat sastakatu zuen gizona

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 16:13

Astearteko 19:00etan mobilizazioa deitu du mugimendu feministak Gasteizen. / ALEA

Salburuan emakume bat sastakatu eta larri zauritu zuen 58 urteko gizonezkoa Burlatan (Iruñerria) atxilotu egin dute. Polizia hirugarren graduan zegoen erasotzailearen bila izan da larunbatetik.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza bere bila izan dira larunbatetik, eta, azkenik, 72 orduz ihesean egon ostean, Nafarroako Foruzaingoak eta Burlata zein Iruñeko Udaltzaingoek Burlatako (Iruñerria) lokal batean atxilotu dute astearte honetan.

Ertzaintzak asteburuan Gasteizen antolatutako operatiboa bi erkidegoetako polizia autonomikoen artean koordinatu da; izan ere, erasotzaileak ihes egitea lortu zuen asteburuan, eta, ustez, hainbat senide nafarren babesa bilatu du. Atxilotua Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzan dago, epailearen esku utzi edo Gasteizera eramango duten erabakitzen den bitartean.

Eraso matxista

Gizonezkoak Salburua auzoko bizilagun bat sastakatu zuen larunbatean, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean. Erasoa larri zauritutako emakumearen alaba adingabearen aurrean izan zen. Iliada Ibilbideko eraikin batera sartu ziren orduan Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila, erasotzailea ustez bertan zegoelako. 40 urteko biktima "larri" zegoen; gutxienez labankada bat jaso zuen bularrean, eta, ondorioz, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten alabarekin. Zorionez, arriskutik kanpo dago.

Larunbatetik ihesean egon den 58 urteko erasotzaileak aurrekari penalak zituen 2002an bere bikotea hiltzeagatik; 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten orduan, baina hirugarren graduan zegoen azken erasoaren momentuan. Hasiera batean, bere etxean gotortu zela uste zuten Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Hala ere, aurkitu ez zutenez, Gasteiz osora zabaldu zuten dispositiboa, eta gaur arte bere bila egon dira.

Polizia-iturrien arabera, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean sastakatu egin zuen; emakumeak uko egitean, bularrean, sabelean eta gorputzeko beste atal batzuetan eraso egin zion. Biktima eta erasotzailea eraikin berean bizi dira, eta bertan izan zen erasoa; baina, dirudienez, ez dute bizilagun izatetik harago doan harremanik.

Gaur, mobilizazioa

Gasteizko mugimendu feministaren elkarretaratzea urriaren 20an, asteartean, izango da, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan. Udalak bat egin du mobilizazioarekin, eta herritarrak animatu ditu "arbuioa egokitzat jotzen duten moduan adieraztera, betiere osasun egoera eta pandemiaren aurreko prebentzio-protokoloak kontuan hartuz".

 

Gaitzespen instituzionala

Arabako hiriburua astindu duen azken eraso matxista salatzeko, talde politiko guztietako ordezkariek, Gorka Urtaran alkatea buru, "gaitzespena eta arbuioa" adierazi dute, astelehen honetan Udaletxearen aurrean egindako bost minutuko elkarretaratze isilean. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Aldundiko zein Arabako Batzar Nagusietako ordezkariek ere hartu dute parte.

Alkateak azaldu duenez, polizia "ahalegin handia" egiten ari da erasoaren ustezko egilea aurkitu eta atxilotzeko. "Gure gertutasuna eta laguntza adierazi nahi diegu erasoa jasan zuen emakumeari eta 12 urteko alabari. Hasiera-hasieratik jarri ditugu haien eskura Udalaren baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak, eta baita babes-baliabideak ere", adierazi du. Gainera, Gasteizko Udaleko eledunen batzarrak adierazpen bat onetsi du: "Giza eskubideen urraketa larria" gaitzesteaz gain, "indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko" lanean jarraituko duela berretsi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago