Arabako hiriburua astindu duen azken eraso matxista salatzeko, talde politiko guztietako ordezkariek, Gorka Urtaran alkatea buru, "gaitzespena eta arbuioa" adierazi dute, astelehen honetan Udaletxearen aurrean egindako bost minutuko elkarretaratze isilean. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Aldundiko zein Arabako Batzar Nagusietako ordezkariek ere hartu baitute parte.
Alkateak azaldu duenez, polizia "ahalegin handia" egiten ari da erasoaren ustezko egilea aurkitu eta atxilotzeko. "Gure gertutasuna eta laguntza adierazi nahi diegu erasoa jasan zuen emakumeari eta 12 urteko alabari. Hasiera-hasieratik jarri ditugu haien eskura Udalaren baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak, eta baita babes-baliabideak ere", adierazi du. Gainera, Gasteizko Udaleko eledunen batzarrak adierazpen bat onetsi du: "Giza eskubideen urraketa larria" gaitzesteaz gain, "indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko" lanean jarraituko duela berretsi du.
Halaber, Udalak bat egingo du Gasteizko mugimendu feministak deitu duen mobilizazioarekin, eta herritarrak animatu ditu "arbuioa egokitzat jotzen duten moduan adieraztera, betiere osasun egoera eta pandemiaren aurreko prebentzio-protokoloak kontuan hartuz". Mugimendu feministaren elkarretaratzea urriaren 20an, asteartean, izango da, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.
Erasotzailearen bila jarraitzen dute
Udaltzaingoa eta Ertzaintza gizon baten bila ari dira larunbatetik, Salburua auzoko bizilagun bat sastakatzeagatik. Larri zauritutako 40 urteko emakumearen alaba adingabearen aurrean izan zen erasoa, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean.
Larunbat goizean, Iliada Ibilbideko eraikin batera sartu ziren Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila, erasotzailea ustez bertan zegoelako. 40 urteko biktima "larri" zegoen; gutxienez labankada bat jaso zuen bularrean, eta, ondorioz, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten alabarekin. Zorionez, arriskutik kanpo dago.
2002an bere emaztea hiltzeagatik aurrekari penalak dituen 58 urteko erasotzailea desagertuta dago larunbatetik; 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten orduan, baina hirugarren graduan dago gaur egun. Hasiera batean, bere etxean gotortu zela uste zuten Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Hala ere, aurkitu ez zutenez, Gasteiz osora zabaldu zuten dispositiboa, eta astelehen honetan ere bere bila jarraitzen dute.
Polizia-iturrien arabera, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean sastakatu egin zuen; emakumeak uko egitean, bularrean, sabelean eta gorputzeko beste atal batzuetan eraso egin zion. Biktima eta erasotzailea eraikin berean bizi dira, eta bertan izan zen erasoa; baina, dirudienez, ez dute bizilagun izatetik harago doan harremanik.