Lehenik eta behin, Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak eskerrak eman dizkie alegazioak aurkezteko prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei. Horrekin batera, "bizilagunen beharrei erantzuten ez dien turismo jarduerarako pisuak, apartamentuak eta eraikinak ugaritzearen aurka borrokan hasi" direla ohartarazi dute.
Azaldu dutenez, Udalean aurkeztutako 136 alegazioak "auzoak arazo horren inguruan duen sentsibilitatearen adibide dira; izan ere, auzokoen beharrei baino, higiezinen interes ekonomikoei erantzuten die proiektuak".
Halaber, Udalari eskatu diote "herritarren interesak defendatzeko eta proiektu hau behin betiko baztertzeko"; bitartean, aurreratu dutenez, "adi" egongo dira aurrerantzean egingo diren urrats guztiekin, "bereziki" talde politikoek gai honen inguruan hartuko duten jarrerarekin.
Gentrifikazioaren aurkako aldarria
Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak Udalak bultzatu nahi duen etxebizitza turistikoen erregulazioarekiko desadostasuna agertu du hasieratik, eta eragile edo norbanako gisa alegazioak aurkezteko dinamika abiatu zuen abuztutik irailaren 24ra bitartean.
Auzo elkarteak azken hilabeteetan kritikatu duenez, Arabako alojamendu turistikoen kudeatzaile, jabe eta partikularren erakunde Arabatur izeneko elkarteak egindako alegazio batek bidea ireki dio 18.000 etxebizitzari erabilera turistikoa emateko aukerari. Egitasmoa aurrera baldin badoa, etxebizitza turistikoak baimenduko dituzte Gasteizko Alde Zaharreko eraikin osoetan.
"Auzoaren basamortutzeari eta degradazioari aurre egiteko" balioko duela ziurtatu zuen Gorka Urtaran alkateak uztailean, baina auzokideek "kezka handiz" jaso dute proiektua. Izan ere, erabilera turisitikoko etxebitzaren sektorea iristeak etxebizitzen prezioak handitzen dituela deritzote, eta "oinarrizko eskubide hori eskuratzea zailtzen" duela.
Horrez gain, erabilera turistikorako etxebizitzek (ETE) herritarren lekualdaketa eta gentrifikazio-prozesuak errazten dituztela ohartarazi dute: "Komunitate-bizitzarako eta auzotarren gizarte errealitaterako arrisku elementuak sartzen dituzte". Zentzu horretan, egungo auzokideek etxebizitzak birgaitzeko aukera eta tokiko merkataritza lehenetsi nahi dute, inbertitzaileen lehorreratzea sustatu beharrean.