Etxebizitza turistikoen ezarpena arautzea eta mugatzea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 10:52
Etxebizitza turistikoak baimenduko dituzte Gasteizko Alde Zaharreko eraikin osoetan. / ALEA

EH Bilduk hainbat alegazio aurkeztu ditu Gasteizko Alde Zaharreko Barne Eraberrikuntzako Plan Bereziaren aldaketaren aurka. Etxebizitza turistikoen ezarpena lehen solairura mugatzea eta babes bereziko neurriak aplikatzea eskatu du.

Gasteizko Udalak hirugarren sektoreko eta hoteletako erabilerari dagokion Alde Zaharreko BEPBren aldaketa eztabaidagai jarri du, alegazioak aurkezteko prozesu ireki baten bidez. Prozesu horretan, hainbat alegazio aurkeztu ditu EH Bilduk, Erdi Aroko hirigunean etxebizitza turistikoen ezarpena arautzeko.

EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek adierazi du bere taldeak "etxebizitzaren funtzio soziala" lehenesten duela, baina izaera turistikoko etxebizitzen agerpenaren aurrean, "jarduera hori arautzeko unea" dela; "mugatzeko unea, etorkizunean jarduera horren garapena merkatuaren legeen menpe gera ez dadin".

Bi berme-sistema eskatu dituzte bizitegi-eraikinetan erabilera turistikoko etxebizitzak eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak ezartzeari dagokionez: alde batetik, lehen solairurako mugari eustea eraikinetan; bestetik, muga kuantitatibo bikoitzeko sistema bat ezartzea, BEPBren eremu osorako eta auzo bakoitzerako gehienezkoak ezarriz, eremu bakoitzeko etxebizitza guztiekiko portzentaje moduan.

"Badakigu Gasteizko etxebizitza turistikoen kopurua ez dela inguruko beste hiri turistikoagoetakoa baino handiagoa, baina, horrexegatik, beharrezkoa da horien zenbatekoa mugatzea, etorkizunera begira", ohartarazi du EH Bilduk.

Gainera, hiriburuko jarduera turistikoaren hazkundea kontuan hartuta, Gasteizko Alde Zaharrerako udal hirigintza-plangintzako tresnen "jatorrizko helburuari" berrekin nahi dio EH Bilduk, "interes orokorra babesteko, auzoaren bizitegi-izaerari lehentasuna emanez eta auzotarren bizi-kalitatea sustatuz". Eta, horretarako, eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea proposatu du, besteak beste, auzoa leheneratzeko eta "ez nagusiki edo soilik turismoari zein aisialdiari lotuta".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide