Etxebizitza turistikoen erregulazioa gelditu nahi dute Alde Zaharreko auzokideek

Erredakzioa 2020ko ira. 7a, 11:55
Etxebizitza turistikoen erregulazioaren aurkako dinamikaren kartela. / GASTEIZ TXIKI

Gasteiz Txiki auzo elkarteak Udalak bultzatu nahi duen etxebizitza turistikoen erregulazioarekiko desadostasuna agertu du, eta eragile edo norbanako gisa alegazioak aurkezteko dinamika aurrera doa.

Auzo elkarteak azaldu duenez, Arabako alojamendu turistikoen kudeatzaile, jabe eta partikularren erakunde Arabatur izeneko elkarteak egindako alegazio batek bidea ireki dio 18.000 etxebizitzari erabilera turistikoa emateko aukerari.

Egitasmoa aurrera baldin badoa, etxebizitza turistikoak baimenduko dituzte Gasteizko Alde Zaharreko eraikin osoetan. "Auzoaren basamortutzeari eta degradazioari aurre egiteko" balioko duela ziurtatu zuen Gorka Urtaran alkateak uztailean, baina auzokideek "kezka handiz" jaso dute.

Izan ere, erabilera turisitikoko etxebitzaren sektorea iristeak etxebizitzen prezioak handitzen dituela deritzote auzokideek, eta "oinarrizko eskubide hori eskuratzea zailtzen" duela.

Horrez gain, erabilera turistikorako etxebizitzek (ETE) herritarren lekualdaketa eta gentrifikazio-prozesuak errazten dituztela ohartarazi dute: "Komunitate-bizitzarako eta auzotarren gizarte errealitaterako arrisku elementuak sartzen dituzte".

"Egungo auzokideek etxebizitzak birgaitzeko aukera izan dezaten nahi dute, ez dugu inbertitzailerik baldintza txarretan dauden etxebizitzak erosi eta birgaitzerik nahi", kritikatu dute.

Gainera, tokiko merkataritza lehenestea proposatu dute, "ez turisten behar, erabilera eta ohituretara bideratutako merkataritza".

Alegazioak aurkezteko dinamika

Horrenbestez, abuztuan hasi eta irailaren 24ra arte luzatuko den dinamika abiatu du Gasteiz Txikik, etxebizitza turistikoen erregulazioari "guztion arteko erantzun bateratua" emateko helburuarekin.

Eragile edo norbanako gisa alegazioak aurkeztera gonbidatu dituzte herritarrak; horretarako, gaztelaniazko eredu bat prestatu dute, moldatu edo bere horretan aurkeztu ahal izateko. Alegazioak San Martin auzoko udal bulegoan aurkeztu daitezke, zita eskatuz 945 16 11 00 telefonoan edo hitzordurik gabe. Abuztuan zehar, Ibaiondo edota San Antonio kaleko bulegoetan ere aurkez daitezke.

Azkenik, irailean asanblada ireki bat egingo dutela iragarri dute, alegazioen ekimena baloratu eta aurrera begirakoak proposatzeko. Bitartean, edozein zalantza argitzeko ohiko telefonoak martxan izango ditu Gasteiz Txiki auzo elkarteak: 945 26 81 43 eta 670 59 86 38. "Guztion artean gutxi batzuen aberastea besterik bilatzen ez duen ekimen hau gelditu dezakegu", azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide