Arabako hiriburuko zenbait eskolatako familiek —Errekabarri, Luis Elejalde, Toki Eder, Mariturri eta Abendaño, besteak beste— Eusko Jaurlaritzaren aurrean bazkaldu dute asteazken honetan, jantokien egoera salatu eta "zerbitzu egoki bat" aldarrikatzeko.
Jantoki zerbitzuan osasuna eta segurtasuna bermatzeko baliabideak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari: begirale gehiago behar dituzte burbuila-taldeak jantokian ere mantentzeko, baina garbitzaile gehiago ere ezinbestekoak dira, erabilitako eremuak desinfektatzeko eta eremuak egokitzeko.
Une honetan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideen arabera, Arabako ikastetxe publikoetan zerbitzua behar duten ikasleen heren batek baino ezin izango du jantokia erabili. Gainera, eskola jantokietan lehentasuna dute bekadunek eta garraioa behar duten ikasleek; beraz, ikastetxe batzuek soilik ikasle horientzat irekitzea erabaki dute. Beste askok, ordea, zerbitzua eskaini gabe jarraitzen dute.
Egoera horretan, familia langile askok ez dute haurrak eguerdian uzteko beste alternatibarik, ez baitute lanetik ateratzeko edo beste norbaitekin uzteko aukerarik.
"Hezkuntza Sailak arazoei aurre egin eta konponbidea aurkitu behar die. Hezkuntza komunitateko eragile desberdinen eskari bateratuak erantzunik gabe jarraitzen du", adierazi du STEILAS sindikatuak.
Jardunaldi jarraituaren eztabaida
Bestalde, ordutegi jarraituaren afera ere mahai gainean dago, eta asko dira konponbide horren alde mobilizatzen ari diren familiak. Ikastetxe batzuk aukera hori aztertzen ari dira, eta Lakuabizkarrako eskolan dagoeneko ezarri dute, Hezkuntza Sailaren oniritzirik gabe.
Hala ere, ordutegi jarraituaren aukera kritikatu dute beste ahots batzuek, kasu horretan jantoki zerbitzua bertan behera geratuko balitz. Izan ere, jantokia ekonomikoki zaurgarriak diren familientzako berebiziko garrantzia duen zerbitzu bat da. Beste zenbait ahotsek diote bost edo sei orduko lanaldi jarraitua oso gogorra izan daitekeela haurrentzat.
Gainera, jantokietan lan egiten duten ehunka pertsonaren lanpostuak galdu daitezke, segurtasun neurriak bermatu beharrean zerbitzua bertan behera uzteko edo murrizteko apustua egiten bada.
Salburuan, %90,8 jarraituaren alde
Baina arazoak saihesteko alternatibak badaude, eta hezkuntza komunitatea horiek aztertzen ari da. Adibidez, azken orduetan, Salburua eskolako familien artean egindako inkesta baten berri izan du ALEAk: familien %90,8 ordutegi jarraituaren alde agertu da, eta beste %8,9 kontra.
Kasu honetan, ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango litzateke, eta, jarraian, jantoki eta zaintza zerbitzua eskainiko luke zentroak. Zerbitzu horren inguruan galdera bat planteatu dute: "Lanaldi jarraitua ezarriz gero, zer ordutan jaso nahiko zenuke zure adingabea?". Eta lau aukera eman dituzte: 14:00etan, 15:00etan, 17:00etan edo egunaren arabera.
Inkesta azken galdera batekin amaitzen da: "Jardunaldi jarraia behin betiko ezartzearen alde zaude?". %72,8 alde legoke, %18,1 kontra, eta %9,2k ez daki edo ez du erantzun.