Adurtza Ikastolako Ikasberri Guraso Elkartearen bitartez, ALEAk jakin du euren helburua lortu dutela, eta, beraz, astearte honetan aurreikusitako mobilizazioa —kalejira eta tupperada— bertan behera uztea erabaki dutela.
Bitarteko eta baliabide gehiago eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari; besteak beste, burbuila edo elkarbizitza-talde bakoitzeko begirale bat bermatzea. Astelehen honetan, Salburua eskolako kasuan gertatu den bezala, Hezkuntza Sailak familien eskakizun nagusiak onartu egin ditu: bost begirale gehiago izango dituzte.
"Prentsan atera denari esker", Ordezkariarekin hitz egitea lortu du eskolako zuzendaritzak, eta goizean zehar jaso dute albistea. "Ikastolak egindako laguntza eskaerari erantzun bikaina eman dute familiek", adierazi du zuzendariak, eta "hezkuntza komunitate osoko lankidetza" eskertu du. Gainera, "elkarlanak ikasle, familia eta irakasle guztien ongizatea eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko daukan garrantzia" azpimarratu du.
Eskolako langileen eta gurasoen mobilizazioen harira, astelehen honetan bertan, Magui enpresari bost begirale gehiago ipintzeko agintea heldu zaio. Ondorioz, talde egonkor bakoitzak bere begiralea izango du, ziurtasun neurriak eta protokoloa mantenduz.
Jantoki zerbitzua
Pasa den ikasturtearen amaieran onartutako egutegiaren arabera, irailaren 23an lanaldi etenarekin hasiko dira Adurtza Ikastolan. Hala ere, zuzendaritzak eskolako jantoki zerbitzuarekin ez hastea erabaki zuen, segurtasun arauak betetzeko zailtasunak direla eta.
285 umek erabiltzen dute zerbitzua; horietatik 80 autobusez joaten dira hurbileko herrietatik, eta 97 bekatuak dira. Adurtza Ikastolan 20 elkarbizitza-talde daude, baina ikasle guztiak zaintzeko begirale nahikorik ez zegoen.
Gainera, Guraso Elkartearen arabera, kasu gehienetan guraso biek lan egiten dute —edo bakarrak, familia monoparentalen kasuan—, eta askok ez dute haien seme-alabak eguerdian jasotzeko aukerarik.
Egunotan, gurasoek euren ezinegona plazaratu dute, bizi duten "egoera zaila" dela eta. Hortaz, "beharrezkoak diren erantzunak" eman eta baliabideak eskain ditzala eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Astelehen honetan iritsi da Hezkuntza Sailaren erantzuna, euren eskakizun nagusiak onartuz.