Udazkenean, tokiko sortzaileen ikuskizunak izango dira Gasteizko gizarte etxeetan

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 12:19

Besteak beste, 'Eta kittorik ez!' antzezlana izango da urriaren 4an, Salburuan. / LES BOBÈ-BOBÉ

Ikuskizunak gizarte etxeetan programaren barruan, zortzi kultur emanaldi eskainiko dira urriaren 3tik abenduaren 19ra bitartean, Aldabe, Arriaga, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan.

Gasteizko gizarte etxeen sareak kultur programazio oparoa prestatu du udazkenerako, eta, horren barruan, adin guztientzako ikuskizunen programa berria nabarmendu daiteke: antzerki, dantza eta magia proposamenak egongo dira; horrez gain, Liburutegien Sarearen jarduerak, jarduera artistikorako hastapen ikastaroak eta Auzo Eszena programa ere.

Pandemia garaian ere, "tokiko eta kalitateko sorkuntzaren alde" egin nahi du Gasteizko Udalak, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez.

19:00etan hasiko dira ikuskizun guztiak, eta horietako sei (%75) izango dira euskaraz. Ikuskizun bakoitzaren sarrerak 15 egun lehenago jarriko dira salgai, 3 eurotan, gizarte etxe eta kirol ekipamendu guztietan, baita internet bidez ere; emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte:

  • Urriak 3, larunbata: Magia parrastan, Imanol Ituñoren eskutik, Aldaben.
  • Urriak 4, igandea: Eta kittorik ez!, Les Bobè-Bobéren eskutik, Salburuan.
  • Urriak 17, larunbata: Todo por un sueño, Noralairen eskutik, Arriagan.
  • Urriak 25, igandea: Gorria, La Pulga bailaoraren eta Miren Amuriza bertsolariaren eskutik, Zabalganan.
  • Azaroak 21, larunbata: Berrerabizi, Zirika Zirkusen eskutik, Arriagan.
  • Azaroak 28, larunbata: Frankenstein, Didau Antzerki Faktoriaren eskutik, Salburuan.
  • Abenduak 12, larunbata: Naturman, Prospero Teatroaren eskutik, Aldaben.
  • Abenduak 19, larunbata: Organik, Ameztu produkzioaren eskutik, Zabalganan.

Auzo Eszena

Martxoan bertan behera geratu ostean, Auzo Eszena zikloa ere udazkenean eskainiko da gizarte etxeetako aretoetan, Gasteizko talde eta artista ez profesionalen eskutik. Guztira zortzi ikuskizun eskainiko dira: umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia eta musikalak barne hartzen dituzte proposamenak.

Urriaren 18tik abenduaren 20ra bitartean izango dira saioak, 19:00etan hasita, Arana, Aldabe, Arriaga eta Zabalganeko gizarte etxeetan, eta, besteak beste, Juanjo Monago, Imperfeccionismo Magico, Pro-Ismo 0, Tadir, Arrox Bola Sormen Elkartea, Panico Escenico, Ipazapi eta Auskalhop taldeek hartuko dute parte. Sarrerak urriaren 7an jarriko dira salgai.

Liburutegien sarea

Ikuskizunez gain, Udal Liburutegien Sareak 46 jarduera —horietatik, 28 euskarazantolatu ditu irailetik abendura bitartean: hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, errezitaldiak, ipuin-kontalariak, musika, lantegiak...

Jardueretako batzuek euro bateko prezioa izango dute, baina beste batzuk doakoak izango dira.

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak

Bestalde, gizarte etxeetako udazkeneko programazioaren barruan, jarduera artistikorako hastapen ikastaroak ere egongo dira, hilabeteko iraupenekoak. Orotara 149 lantegi antolatu dira 1.829 lekurekin: arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, musika, idazketa, eskulangintza eta irudiaren arlokoak.

Irailaren 7an hasi zen urriko ikastaroetan izena emateko epea, baina, oraingoz, %80 bete da; beraz, oraindik ere apuntatzeko aukera dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide