Pandemiaren berragerraldirik egonez gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, Gasteizko gizarte etxeetako ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute 2020-2021 ikasturtean. Lehenengo txandan 18.110 leku eskainiko dira, 409 jardueratarako; eta lehenengo jardueretan izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da, hau da, datorren asteartean.
Prebentzio gisa, aurten ez da argitaratu informazio-liburuxkarik. Udalaren webgunean eskuragarri eta gizarte etxeetan ere ikusgai dago zerrenda. Era berean, uztailean aurreratu bezala, ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko: izena eman ahala betetzen joango dira lekuak, eta epe bakoitzeko lehenengo bi egunetan online edo 945 16 10 80 telefonora deituz baino ezingo da izena eman.
Izena eman ondoren, gizarte etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.
"Gizarte-etxeen sarea funtsezkoa da gasteiztar askorenentzat, berebiziko garrantzia dute beren bizitzan hurbileko ekipamendu eta zerbitzu horiek. Erronka handia izan da programazioa egokitzea, segurua izan dadin", azaldu du gizarte etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek, udal teknikarien ahalegina eskertuz. Halaber, erabiltzaileei eskatu die arauak "zorrotz" bete ditzatela.
Hauek dira izena emateko epeak:
- Irailaren 1etik 6ra bitartean: aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena euskara ikastaro berean.
- Irailaren 1etik 9ra bitartean: aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena igeriketa ikastaro berean.
- Irailaren 1etik aurrera: irailerako bakarrik izango den kirol-eskaintza.
- Irailaren 7an: gainerako ikastaro guztietarako izen-ematea hasiko da.
- Irailaren 14an: Xtrakluberako izen-ematea hasiko da.