Koronabirusa

Salburua eskolara bi irakasle gehiago bidaliko ditu Hezkuntza Sailak

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 12:31

Salburua eskolako zuzendaritza taldeak dimisioa aurkeztu zuen pasa den astean, Haur Hezkuntzan eta Gorputz Hezkuntzan bi hutsune bete ahal izateko. Mobilizazioen ostean, bi irakasle kontratatzea onartu du Hezkuntza Sailak.

Zuzendaritzaren dimisioaren eta familien protestaren ostean iritsi da Hezkuntza Sailaren erantzuna: Salburua eskolak errefortzua jasoko du, eta eskatzen zituen bi irakasleak izango ditu astearte honetatik aurrera. Hortaz, ikastetxeko zuzendaritza bere lanpostuetara itzuli da astelehen honetan bertan.

Ikasturte hasierarekin batera, hezkuntza komunitatearen eta Hezkuntza Sailaren arteko tentsioak gora egin du. Bereziki baliabide falta salatu dute ikastetxeek, eta egoerak eztanda egin du 700 ikasle dituen Gasteizko Salburua HLHI ikastetxean.

Ikasturtea hasi zenetik hiru aste igaro ostean, zuzendaritza taldeak zuzendaritza lanak alde batera utziko zituela jakinarazi zuen pasa den astean, Eskola Kontseiluaren ezohiko bilkuran. Izan ere, Haur Hezkuntzan eta Gorputz Hezkuntzan hutsik dauden bi postu bete nahi zituzten horrela, baina ezinezkoa zen lan hori zuzendaritzak dakarren lan kargarekin bateratzea.

Ikasturte hasiera zaila

Hedabideei larunbatean helarazitako ohar batean, Guraso Elkarteak eta Ordezkaritza Organo Gorenak azpimarratu zuten ikasturte hasiera "oso zaila" izaten ari dela ikastetxe guztientzat: taldeen arteko isolamendua mantendu beharra, sarrera eta irteeren kontrol zehatza, distantziak bermatzea, sintomak dituzten ikasleen isolamendua, eta abar luze bat.

Hezkuntza Sailak berak egoerari aurre egiteko langile gehiagoren beharra onartu du, eta 1.000 irakasle gehiagoren kontratazioa iragarri zuen. Salburua eskolan, ordea, langile gehigarririk gabe hasi da ikasturtea, eta, hori gutxi balitz, beste urtetan baino bi irakasle gutxiago zituzten, Eusko Jaurlaritzak familien eta irakasleen eskaerak onartu aurretik: Haur Hezkuntzan eta Gorputz Hezkuntzan bi lanpostu bete gabe zeuden.

Gurasoek eta Eskola Kontseiluak azaldu dutenez, orain arte, "ahalegin handiekin" talde guztien segurtasuna bermatzen eta protokoloa aurrera eramaten saiatu da zuzendaritza taldea, baina "egoera jasanezina bilakatu da".

Bi langile horien eskaera irailaren 1etik kudeatu du zuzendaritza taldeak, baina salatu dute Hezkuntza Sailetik "inongo erantzunik" ez dutela jaso. Egoera horren aurrean, eskolako ikasleen segurtasuna eta gelen funtzionamendu ona lehenesteko ahaleginean, ikasketa buruak eta zuzendariak berak Gorputz Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako taldeak bere gain hartu zituzten, "falta diren bi irakasle horien kontratazioa Sailetik gauzatu bitartean".

Elkarretaratzea

Astelehen honetan, Guraso Elkarteak, familien ordezkariek eta irakasleek deituta, elkarretaratzea egin dute eskolaren inguruan. 8.45etatik 9.15era bitartean, Paris Lehen Hezkuntzako familiak eta Erroma Hau Hezkuntzakoak kaleetan elkartu dira, hezkuntzan orokorrean eta Salburua eskolan zehazki bizi den egoera salatzeko asmoarekin.

Bi irakasleen eta zuzendaritza taldearen falta salatu dute, eta hartu beharreko neurriak hartzeko exijitu diote Hezkuntza Sailari: falta diren bi lanpostu horiek betetzea, bi irakasle horien kontratazioa gauzatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago