Hilaren 21ean ospatuko dute Sorginenearen lehen urteurrena

Erredakzioa 2020ko irailaren 14a

Miceren kontzertua izango da Sorginenearen lehen urteurrenean. ALEA

Dagoeneko 200 bazkidetik gora ari dira prozesu feminista eta parte-hartzaileak abian jartzen, "konplizitatez jositako zubiak eraikitzen".

2019ko irailaren 21ean zabaldu zituen ateak Sorgineneak. Gasteizko Emakumeen Etxea, inguruko beste udalerri askotan bezalaxe, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa izan da; "baita hiriko emakume, bollera eta trans askok amestutako proiektua ere". Lehen urte honetan zehar "biltzeko eta elkar ezagutzeko aukera asko izan ditugu", esan dute Sorgineneako arduradunek; eta hala, dagoeneko 200 bazkidetik gora ari dira prozesu feminista eta parte-hartzaileak abian jartzen, "konplizitatez jositako zubiak eraikitzen".

Sorginenea elkarteari esker garatzen ari da egitasmoa, Gasteizko Udalarekin eta hamar urte bete berri dituen Ahalduntze Eskola Feministarekin elkarlanean. Horregatik, Sorgineneak Gasteizko emakume, bollera eta trans guztiak gonbidatu nahi ditu irailaren 21ean lehen urteurrenaren ospakizunean parte hartzera.

Egun horretan, 18:00etatik 19:00etara etxearen inagurazioa gogora ekartzeko argazki-erakusketa eta bideo-proiekzioa ikusteko aukera izango da. Ondoren, 19:00etatik aurrera, Eskoriatza-Eskibel plazan ongietorri ekitaldia hasiko da. Ondoren, Nigeriako Gospel Ahotsak abesbatzak egingo du emanaldia; eta azkenik, Miceren kontzertua izango da.

19:00etako ekitaldira joan ahal izateko, doako sarrera eskuratu beharko da www.entradium.com webgunean. Bestela, ohiko bideetan ere izena eman daiteke: info@sorginenea.org helbidera e-posta idatziz; telefonoz deitu 945 20 14 60 edo 626 45 83 71 zenbakietara; edo aurrez aurre Sorginenean bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago