Aurreikusi bezala, korapilatsua ari da izaten aurtengo ikasturte hasiera. Pandemiaren ondorioz aurrez aurreko eskolarik gabe sei hilabete igaro eta gero, astelehenean ikastetxeetara itzuli ziren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak.
Hasi bezain pronto, lehen grebarekin egingo dute topo; izan ere, ikasturtea baldintza eskasetan hasi dutela eta, irailaren 15erako greba deitu dute EAEko irakaskuntzarekin lotutako ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek, Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean.
Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako arlo guztietan eragingo du greba deialdiak, bai sare publikoan eta baita itunpekoan ere. Horiez gain, Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ere bat egin dute greba deialdiarekin; hain justu ere, eskola-jangela, garraio eta garbiketako langileak daude deituta.
Plantillak handitzea
Besteak beste, irakasleetatik hasita eta baita garbiketa zerbitzuan, jantokietan edo garraioan ere plantillak handitzea exijitu dute; horrekin lotuta, lan taldeak handitzea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea nahi dute. Bestalde, irakasleei dagokionez, gela bakoitzeko ratioa 10 edo 15 ikaslera murriztea eta haurren arreta emozionalari aurre egin ahal izateko eman beharreko edukiak murriztea ere eskatzen dute, besteak beste. Halaber, irakaskuntzako sindikatuek uste dute Hezkuntza Sailak iragarritako 1.000 irakasleen kontratazioa ez dela nahikoa. Horien arabera, ez dago "irizpide argirik" zehazteko nola egingo den.
Salatu dutenez, eskoletara itzultzeko Hezkuntza Sailak aurkeztu dituen protokoloak "oso berandu datoz", ez dira sindikatuekin negoziatu eta "zuzendaritzen eta ikastetxeen esku utzi dute eskola-komunitatearen osasuna bermatzeko ardura", haien ustez Sailari dagokiona. Gainera, azken ikasturtearen amaieratik helarazi dizkioten eskaerek ez dute erantzunik izan.
Azpikontratetan ordezkaritza duten sindikatuak bat datoz salaketa horrekin: "Enpresek eta Hezkuntza sailak ez digute informaziorik ematen eta ez digute erantzunik ematen. Gaur egun, milaka langilek ez dakite zer baldintzatan eta zer neurrirekin hasiko diren lanean, hasten badute", arbuiatu dute.
Sindikatuek azpimarratu dute "ezinbestekoa" dela itzulera presentzial segurua bermatzeko "neurri eraginkorrak planifikatzea eta hori posible egiteko bitartekoak jartzea".
Astelehenetik, 59.282 ikasle
Greba eguna iristen den bitartean, protokolo zorrotzekin eta modu progresiboan hasi zituzten astelehenean eskolak. Aurten, 59.282 ikasle daude matrikulatuta unibertsitatez kanpoko Arabako ikastetxeetan; aurreko ikasturtean izena eman zutenak baino 477 ikasle gutxiago, %0,80 gutxiago.
ALEA Gasteizko Samaniego Ikastetxe Publiko Integralera (IPI) hurbildu zen, ikasturteko lehen eguna bertatik bertara ezagutzeko. Lehenengo ikasleak 09:00etan iritsi ziren ezohiko egoerara moldatutako jolastokira; ordurako zain zuten Cristina Arguijo zentroko zuzendaria. Familiak antolatzeko ardura zuen. Jolastokian taldez taldeko ilarak osatu ostean, ikasleei tenperatura hartu eta pixkanaka, ikasgeletara abiatu ziren, gainerako mailetako ikasleei lekua utziz. Guraso eta umeen urduritasuna nabaria zen, baina lehenengo egunetik helburua "segurtasuna transmititzea" izan dela azaldu du Arguijok.
Lehen egunetan aurkezpenak baino ez dituzte egin Samaniego ikastetxean, irailaren 10ean ikasturte hasiera ofizialari ekin aurretik: "burbuila-taldeak" osatu, segurtasun protokoloak azaldu, ikastetxe barruan jarraitu beharreko ibilbideak ezagutu eta irizpide guztiak argi izateko simulakroak egin dituzte. Jarraian, balizko hutsuneak identifikatu eta protokoloak egoeraren arabera moldatzen joango dira Gasteizko ikastetxe horretan.
Lanbide Heziketako goi-mailakoak
Datozen asteotan, gainerako ikasleak joango dira Arabako ikastetxeak betetzen. Astelehenean, hilak 14, Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 1. mailako neska-mutilen txanda izango da; eta asteazkenean, ziklo bereko bigarren mailakoena. Bien artean, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak hastekoak dira asteartean, greba deituta dagoen egunean. Iraila amaitu aurretik, Lanbide Heziketako erdi-mailako eta oinarrizko zikloetakoek hasiko dute ikasturtea.