Egunerokoan gero eta euskara gehiago entzuten da Gasteizen, eta horrek kontsumo-ohituretan ere badu eragina; establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen lagundu nahi die Bai Euskarari Elkarteak, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.
Gasteizko Udalak lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuen martxoan elkartearekin, Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko; Gasteizko Euskararen Mapa osatzea da proiektu horren muina.
Hitzarmenari esker, lehenengo urtean doan lagunduko zaie enpresetan edo saltokietan euskararen aldeko pausoak ematen, eta, bigarren urtetik aurrera, dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango dute horiek.
Auto-diagnostikoa
Komertzio edo entitatearen hizkuntza-egoera ezagutu dezakete enpresek, Baieuskarari.eus webguneko auto-diagnostikoaren bitartez. Ondoren, hizkuntza-egoera zein den jakin eta hobetzeko pausoak emateko, Bai Euskarari Elkarteko teknikari bat jarriko da horiekin harremanetan.
Bai Euskarari Ziurtagiria
Euskara erabili eta sustatzeko lanean ari diren enpresa eta saltokiak identifikatu, aitortu eta pausoak ematen laguntzen dituen ziurtagiria da Bai Euskarari. Entitatearen hizkuntza-egoeraren arabera, ziurtagiriaren hiru mailetako bat egokituko zaio: Euskararen bidean, Zerbitzua euskaraz edo Zerbitzua eta Lana euskaraz.
"Geroa elkarrekin eraikiz"
Bai Euskarari Elkartean, "euskaratik eraikitako herria" irudikatu nahi dute. "Euskal Herrian euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, sortzea, berritzea, ekitea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible egiten badugu, herritarron ongizatea eta lurraldearen garapena handiagoak izango dira", azpimarratu dute.
Bide hori "elkarrekin eraiki" behar dela uste du elkarteak, Bai Euskarari Komunitatearekin batera: "Elkar zaintzeko eta babesteko garaia da. Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea. Euskarak egiten gaitu bertako, gertuko, konfiantzazko, erakargarri, kalitatezko, profesional, lehiakor, motibatu, komunitate... Segi dezagun geroa elkarrekin eraikiz, euskaratik eta euskaraz".