Ertzaintzaren iturriek asteburuan baieztatu dutenez, neska adingabe bati egindako sexu-eraso bat ikertzen ari dira Gasteizen; zazpi adingabe egongo lirateke erasoarekin lotuta. Iturri ofizialek ez dute gertakariaren inguruko datu gehiagorik eman.
El Correo egunkariak jakinarazi duenez, Gasteizko zonalde berde batean gertatu zen erasoa duela hilabete. Zazpi adingabe egongo lirateke delituarekin lotuta, eta horietako bost ikertzen ari dira, "sexu-askatasunaren aurkako delitua" egotzita; gainerako biak ezin izan dituzte inputatu 14 urte baino gutxiago dituztelako.
Gutxienez ikertuetako bat adingabeen zentro batera eraman dute, eta beste lauri urrutze-agindua eta biktimarekin harremanean jartzeko debekua ezarri dizkiete. Akusatuek errugabeak direla eta "baimendutako sexu harremanak" izan direla esan dute.