Koronabirusa

Kutxiko ostalariek bilera bat eskatu diote Udalari, sektorearen biziraupenerako

Mikel Buruaga 2020ko eka. 5a, 12:00

Santa Maria plazan elkartu dira Alde Zaharreko dozenaka ostalari eta langile. / ALEA

Tokiko ostalaritza "guztiz desinformatuta" dagoela diote Alde Zaharreko tabernek. "Babesgabe" sentitu dira, eta premiazko bilera bat eskatu diote Udalari, egoera bideratzeko asmoarekin.

Iragan martxoaren 13an ixtea erabaki zuten Gasteizko Alde Zaharreko zein Aiztogile kaleko taskeroek: "Geure eta geure bezeroen osasuna babestu asmoz, lokalak ixtea erabaki genuen", azaldu dute ostiral eguerdian Santa Maria plazan egindako agerraldian.

Covid-19ak sortutako egoera dela-eta, alarma egoera ezarri baino bi egun lehenago itxi zuten, erakundeen erabakiei aurreratuz. "Arduraz" hartutako hautu bat izan zela diote, eta bezero eta bizilagun guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete, ulertzeagatik eta helarazitako elkartasunagatik.

"Ezjakintasunez beterik" joan ziren etxera, "lanpostuen etorkizunaren beldur", eta, orain, gobernuen orduko "baldartasuna eta inakzioa" kritikatu dute: "Egun gogorrak izan ziren", azaldu dute. Baina ia hiru hilabeteko itxiera "konbentzimenduz" bizi izan dutela diote.

Etapa berrian ere lanpostuen etorkizunaren beldur direla eta etorkizun hurbila "ziurgabetasunez" bizi dutela azaldu dute. Zentzu horretan, gehien mindu dituena Gasteizko Udalaren "pasibitatea" dela ziurtatu dute: "Ostalaritza lokala guztiz desinformaturik duzue", esan diote Udalari, eta "erabat abandonaturik" sentitu direla deitoratu dute.

"Etorkizun iluna"

Hilabete hauetan zehar, Udalarekin "inolako kontakturik" ez dela izan azaldu dute, "ez ostalarien egoeraz arduratzeko, ezta inolako osasun informazio zehatzik emateko ere"; hortaz, euren lana "ahalik eta modu eraginkor eta seguruenean" gauzatzea ezinezkoa bihurtu dela diote. Aldi berean, faltan botatzen dituzte galera ekonomikoei aurre egiteko neurriak.

Izan ere, itxieraren ostean, ostalaritzarentzako gako diren hitzorduak bertan behera geratu dira: musika jaialdiak, Santiago eguna, Andre Maria Zuriaren jaiak, kirol ekitaldiak eta abar. Gainera, gehiago izango ote diren beldur dira.

Ireki duten lokal gutxi batzuek topatu dituzten "traba burokratikoak" ere aipatu dituzte: besteak beste, mahaien afera edota isun ekonomikoak. Horiek guztiak "desinformazioaren ondorio" direla kritikatu dute. Beste kide batzuek pertsiana berriro altxatu ezin izango dutela ohartarazi dute. "Baldintza hauetan etorkizuna erabat iluna da guztiontzat", salatu dute.

Bilera eskaera

"Geure lana, ziurtasun osoz egin nahi dugu, beti egin izan dugun bezala", adierazi dute, eta, hortaz, "protokolo argi bat" behar dutela diote, bezeroekin zein poliziarekin arazoak saihesteko.

Soilik Kutxi kaleko ostalaritzaren sektorea ehunka autonomo eta langilez osatutako kolektiboa da, eta hirian milaka direla ohartarazi dute: "Babesgabe sentitzen gara".

Premiazko bilera bat eskatu diote Udalari, euren funtzionamendua eta biziraupena bermatuko duten eskaerak elkarbanatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago