Cadena SER irratian eskainitako elkarrizketa batean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hitz gogorrak izan ditu kirol jardueretako langileek abiatutako grebaren kontra: "Ez dakit non dagoen arazoa", adierazi du alkateak.
Izan ere, Urtaranek uste du kirol-monitoreek eta sorosleek ez dutela arrazoirik aldarrikapenak egiteko, 12,5 eta 15 euro artean kobratzen dutelako eta eskola-graduatua baino ez zaielako eskatzen.
Alkatearen hitzek sektoreko langileen haserrea piztu dute, eta bigarren greba egunaren harira plazaratu duten prentsa oharrean zuzenean erantzun diote: "Urtaran jauna, gatazka hau ez da ekonomikoa", azpimarratu dute. "Arduragabekeriaz" jokatu izana eta kirol instalazioen itxieraren errua langileei bota nahi izatea leporatu diote alkateari, eta, gainera, euren "prestakuntza edo profesionaltasuna erasotu" izana salatu dute.
"Azpikontratatutako sektore publiko honetako profesionalak ez dira soldata eskatzen ari; udal gobernuak sustatutako murrizketak salatzen ari gara", adierazi dute langileak ordezkatzen dituzten ELA, LAB eta CCOO sindikatuek.
"Klasismoa"
Sare sozialetan ere kritika gogorrak eragin ditu polemikak. Izan ere, EH Bilduko batzarkide Xabi Valdorren txio batek hedapen zabala izan du goizean: "Hauxe da EAJ eta PSEren udal gobernuaren klasismoa. Sorosleak, kirol monitoreak... Zuekin gaude!".
Bestalde, EH Bildu Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik ere Twitterreko hari batean kritikatu ditu Urtaranen hitzak: "Ez dakit sorosleek eskola-graduatua edo hiru lizentziatura eta bi master dituzten, baina badakit gure seme-alaben, aitona-amonen eta gure segurtasuna zaintzen dutela igerilekuaz gozatzen ari garenean".
Elkarrekin Gasteizek ere alkateari zuzendu dizkio kritikak: "Urtaranek, mezu klasista zabaltzeaz eta herritarrek greban dauden langileei errua botatzea bilatzeaz gain, ez ditu kontuan hartzen langileen aldarrikapenak; besteak beste, ateak ireki aurretik eta itxi ondoren 15 minutuko egiaztapenetan doan ez lan egitea", adierazi du Oskar Fernandez Martin bozeramaileak. "Alkateak herritar guztien interesei begiratu behar die, berdin dio zein den bere prestakuntza akademikoa, eta bere esku dagoen guztia jarri zerbitzu publikoei eragiten dieten lan gatazkei irtenbidea bilatzeko. Ez bota egur gehiago sutara".
Grebaren bigarren eguna
Balorazioak egiteko orduan, kirol jardueretako langileek azpimarratu dute grebaren lehenengo egunak "jarraipen zabala" izan zuela, baina "egoera larri eta onartezin batzuk" gehitu direla gatazkara; grebalarienganako "presioak" eta Aiteko enpresako langile baten kaleratzea salatu dituzte.
Alkateari gatazka ekonomikoa ez dela adierazteaz gain, grebaren arrazoiak eta mahai gainean dauden aldarrikapenak gogorarazi dituzte:
- Lehenik eta behin, salatu dute Udalak eskaintza %30 inguru murriztu duela herritarrentzako jardueren programazioan. Gainera, gogorarazi dute sindikatuek "ingurune seguru eta kontrolatuetan eskaintzen diren ikastaroetan herritarren parte-hartzea sustatzeko proposamena" egin zutela, eta Udalak ez duela onartu.
- Bigarrenik, igerilekuak ireki eta ixteko lanaldia 30 minutuz murriztu da; hortaz, langileek salatu dute subrogazio-baldintzak ez direla betetzen. Argi azaldu dute: "Segurtasuna bermatu ahal izateko, irekiera eta itxiera momentuetan materiala errebisatzeko dauzkagun 15 minutu horiek marra gorri bat dira, bai gure baldintzen defentsan, bai erabiltzaileen eskubideen defentsan".
- Hirugarrenik, gatazkaren azken nobedadeei dagokienez, lankide batenganako "presioak" eta kaleratzea bertan behera uztea exijitu diote Aiteko enpresari, baina Udalaren "ardura ere" badela uste dute, enpresa hori azpikontratatzen duelako.
Azkenik, "negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondatea" adierazi dute, eta dei egin diete Iñaki Gurtubai eta Gorka Urtaran arduradun instituzionalei gatazkaren konponbidean "euren erantzukizuna behin betiko onar dezaten".