Hasi da Arabako kirol jardueretako langileen greba mugagabea

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 13:30

Astearte honetan elkarretaratze bat egin dute udaletxearen aurrean. / @ehbilduaraba

Greba mugagabeari ekin diote Arabako kirol jardueretako langileek, eta Gasteizko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratze batekin eman diote hasiera. Gainera, sorosle baten kaleratzeak gatazka areagotu egin du.

Astelehenean zehar ez zen enpresa esleipendunen (Aiteko eta Disport Eki) eta langileen ordezkarien (ELA-LAB-CCOO) arteko akordiorik lortu; hortaz, astearte honetan greba mugagabea hasi da Arabako kirol jardueren sektorean. Greba deialdiak Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak ixtera behartu du, eta baita gizarte etxeetako ikastaro batzuk bertan behera uztera ere.

Arabako kirol jardueren sektoreko langileek azken egunetan sorospen-zerbitzuen eta kirol-jardueren enpresa esleipendunekin eta Gasteizko Udaleko Kirol Sailarekin egindako bilerek ez dute fruiturik eman.

Langileek berretsi egin dute eskainitako jardueren programazioan izandako murrizketen aurkako borroka, subrogazio-baldintzen defentsan -igerilekuak ireki eta ixteko 15 minutuak barne-; orain, gainera, kaleratutako emakumea berehala lanera itzultzeko eskaera gehitu da aldarrikapen taulara.

Kaleratze bat

Gaurko mobilizazioan sindikatuek azaldu dutenez, Aiteko enpresak kaleratze bat jakinarazi zuen atzo bertan. Antza denez, "grebarekin bat egin eta mobilizazioetan pisu handia zuen" sorosle bat kaleratu dute, eta, sindikatuen ustez, horrek eragin du kaleratzea. Prozesu judizial batek zehaztu beharko badu ere, langileen ordezkarien arabera, bidegabeko kaleratze bat izango litzateke.

Azken orduko gertaera horrek, Arabako kirol jardueretako langileen, enpresen eta Udalaren artean erabat korapilatutako gatazka larriagotu du. Gainera, "presioak" daude salatu dute sindikatuek.

Igerilekuak eta kirol instalazioak

Udalak, bere aldetik, gaur irekitzekoak ziren igerileku estalien erdiaren irekiera astebete atzeratzea erabaki du, eta greba "boikotatzeko balizko saiakera" bezala definitu dute sindikatuek.

Mendizorrotza eta Gamarrako instalazioez gain, Zabalganako, Lakuako, Judimendiko eta Salburuako igerilekuak itxita daude, "mantenu lanak" direla eta. Itxieraren benetako arrazoia "mozorrotzen" duela uste dute sindikatuek; izan ere, instalazio horietako sorosleek grebarekin bat egin dute.

Horrez gain, beste kirol instalazio batzuetan ere eragina izan du grebak, ez soilik igerilekuetan: besteak beste, pilotalekuetan eta futbol zelaietan.

Udalaren jarrera

Saileko arduradunek gatazkan bitartekari lanak egiteko konpromisoa hartu zutela azaldu dute sindikatuek: besteak beste, igerilekuak ireki eta ixteko protokolo bat eskatzeko, instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera. Horrekin batera, kirol programazioaren ikastaroen eskaintza handitzeko ekarpenak jasotzeko prest agertu zen Udala.

Hala ere, bi enpresa esleipendunekin izandako bilerak "etsigarriak" izan direla azaldu dute langileen ordezkariek. Azaldu dutenez, alde batetik, enpresa horiek jakinarazi dute Udala ez dela haiekin harremanetan jarri; eta, bestetik, ez dutela "inolako eskaerarik" jaso igerilekuak irekitzeko eta ixteko protokolo bat egiteko. "Ez daude prest igerilekuak behar bezala ireki eta ixteko behar den denboraren minutu bakar bat ere beren gain hartzeko", salatu dute langileek.

Akordiorako prest

Langileek "akordioak lortzeko eta gatazka konpontzeko borondatea" dutela azpimarratu dute, eta, joan den astean, abuztuaren 10etik egiten ari ziren lanuzteak bertan behera utzi zituzten, "borondate oneko keinu gisa"; Kirol Sailak, idatziz, zenbait gairen inguruko konpromisoa hartu ondoren egin zuten.

"Inplikatutako alde guztien atea jo dugu, baina ikusten ari gara konpromisoak ez direla betetzen ari, eta bai enpresak bai Udala elkarri pilota botatzen ari direla", salatu zuten grebaren bezperetan.

"Azken unera arte" akordio batera iristeko "aukera guztiak" agortuko zituztela ziurtatu zuten langileek: "Baina hori bai, gauzak aldatzen ez badira, eta enpresek eta Udalak ez badute ezer jartzen haien aldetik, argi eta garbi esan behar dugu sektoreak gelditu eta itxi egingo dituela udaleko kirol-instalazioak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago