178 lanpostu arriskuan, Alestisen planteatutako EEEaren ondorioz

Erredakzioa 2020ko abu. 27a, 10:00

Alestis Aerospaceren egoitza Arabako Teknologia Parkean, Miñaon. / ZARATEMAN

Aste honetan, Espainiako estatuan dituen lantegi guztientzako itxiera EEE bat aurkeztu nahi duela iragarri du Alestis Aerospace enpresak. Zehaztapen gehiagoren faltan, Gasteizko lantegiko 178 langileri eragingo die espedienteak.

LAB sindikatuak gogor salatu egin du Alestis Aerospace enpresaren asmoa. Izan ere, Espainiako estatuan dituen lantegi guztientzako kontratuen amaitze kolektiboko EEE bat (enplegua erregulatzeko espedientea) aurkeztuko du enpresak; 1.377 langile ari dira lanean EAEn, Andaluzian eta Madrilen banatutako 10 lantegitan.

Abuztuaren 25ean jasotako komunikazio batean, aste beteko epea eman die enpresak sindikatuei negoziazio mahaia osatzeko; hau da, beranduenez, irailaren 7rako.

Egun, ABLEE egoeran dago enpresa, ekoizpenari lotutako arrazoiengatik; hamabost egunekoa eta txandakakoa, lau hilabetez, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. Eta 1.050 langileri eragiten die, hau da, Gasteiz, Getafe, Cadiz edo Sevillako lantegietan dauden 1.377 langileen %60ari.

Orain, aurkeztekoa den EEEaren inguruko zehaztapen gehiagoren faltan, Gasteizko lantegiko 178 langileri eragin diezaiekeela ohartarazi du LAB sindikatuak, eta enpresaren "fede txarra" salatu du: "Ez du ABLEEa amaitzera itxaron eta langileak enplegu erregulazio egoeran edo oporretan daudela baliatuta, ABLEEa amaitzean kontratuen amaitze kolektiboko EEEaren hasiera iragarri du".

Aeronautikaren sektoreko lehen mailako hornitzailea (Tier-1) da Alestis azpikontrata, eta sektoreko enpresa nagusientzat egiten du lan, hala nola Airbus, Embraer edo Boeing. Akzioen %75,95 duen Aciturri enpresa taldearen esku dago, eta SEPI Espainiako industria arloko erakunde publikoak du gainontzeko %24,05.

Instituzioen inplikazioa

Sindikatu abertzaleak gogorarazi du Alestisen jabetzaren zati bat estatuarena dena, SEPIaren bidez: "Administrazioak erantzunkizun zuzena du sektore estrategiko hau eta sortzen dituen lanpostu zuzen eta zeharkakoak eusten; hortaz, bere inplikazioa exijitzen dugu".

Halaber, eskaera bera egin dio LABek Eusko Jaurlaritzari, industria-politika arloan dituen eskuduntzak hegazkingintzaren alde baliatzeko: "Balio erantsi altua duen sektorea da, inbertsio handiak egiten dituena I+G+B arloan eta EAEko produkzio industrialaren %5 eta BPGren %1,4 sortzen dituena".

Sindikatuak azpimarratu duenez, zuzeneko 5.000 lanpostu eta zeharkako 20.000 sortzen ditu hegazkigintzak EAEn, estatu mailako hegazkingintzaren %12 EAEn egiten da, eta, gainera, sektoreak diru laguntza handiak jaso ditu instituzioetatik.

Estatu mailako negoziazioa

Negoziazioa estatu mailan planteatu izana ere salatu du LAB sindikatuak. Mahaian 13 kide daude, baina ez ditu kontuan hartu lantegi bakoitzeko berezitasunak, ezta tokian tokiko langileen ordezkaritza. "Horrela, estatu mailan negoziatzen dena inposatzen da eta tarte gutxierekin eta babesik gabe geratzen dira langile horiek", kritikatu dute.

"Lantegietako enplegua eta etorkizuna bermatzea eskatzen dugu, eta gure lan baldintzak hemen negoziatu eta erabaki ditzagula guztiok. Hemen lan egiten badugu eta hemen bizi bagara, hemen erabaki behar dugu", exijitu du LABek.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago