'Ostalaritza bizirik' lelopean, manifestazio nazionala deitu dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 10:34

Kutxiko ostalarien agerraldia ekainean, sektorearen biziraupenaren alde. / ALEA

Ostegun honetan, 12:00etan, Santa Maria Katedraletik irtengo da manifestazioa, Ostalaritza bizirik lelopean eta inbestidura saioarekin kointzidituz.

Euskal Herriko beste lurraldetako ostalariekin batera deitutako manifestazioak Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioarekin kointzidituko du. Irailaren 3ko 12:00etan abiatuko da Santa Maria plazatik, eta Florida parkeraino joango da -Legebiltzarraren parean-, kioskoan amaitzeko.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken neurriek eragin berezia izan dute ostalaritzarengan, pandemiaren sektorea dagoeneko krisi larrian dagoen bitartean: 1:00etan itxi behar dute, barruan soilik eserita egon daiteke eta edukiera 60 pertsonakoa da gehienez -1,5 metroko distantziarekin-. Horrekin batera, pub eta diskotekek egunez bakarrik irekitzeko aukera dute, lizentzia aldatzeko izapideak egin ostean.

Mobilizazioaren sustatzaileekin hitz egin du ALEAk, eta modu honetan laburbildu dute deialdiaren motibazioa: «Ostalaritza arrisku bizian dago, kriminalizatu nahi izan dute eta presentzia poliziala itogarria da; bakean lan egin nahi dugu».

Poteo arduratsuaren aldeko kanpaina Gasteizko Aiztogile kalean. / HALA BEDI

 

Sektorearen biziraupena

Pandemia hasi zenetik ziurgabetasuna nagusitu da ostalarien artean, bai Araban eta baita beste lurraldeetan ere; ez soilik arlo ekonomikoari dagokionez, baita segurtasun protokoloak zorrotz errespetatu arren bizi izan duten murrizketa etengabeari dagokionez ere.

Ekainean, normaltasun berriarekin batera, Kutxiko ostalariek bilera bat eskatu zioten Gasteizko Udalari, sektorearen biziraupenerako.

Orduz geroztik, mugimendu handia duen Alde Zaharreko kale horretako ostalariek ez dute bide erraza izan. Poteo arduratsuaren aldeko kanpaina egin dute, besteak beste, baina Jaurlaritzaren azken neurriek sektorearen haserrea piztu dute berriz ere.

Gainera, ostalaritzaren «kriminalizazioa» salatzen duten bitartean, abuztu osoan Araban atzemandako 2.000 kasu positiboetatik, soilik 75 kutsatu dira ostalaritzarekin lotutako fokuetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago