Koronabirusa

Nekane Murga: "Bigarren olatu epidemiko bati aurre egin behar diogu"

Erredakzioa 2020ko abu. 6a, 18:54

Lehendakaria eta Murga sailburua Lehendakaritzan bildu dira gaur. IREKIA

44 positibo berri zenbatu dituzte Araban azken hogeita lau orduetan, horietatik 38 Gasteizen.

Gainera, hiriburuan, 85 kutsatze berri atzeman dituzte bi egunetan, asteartetik asteazkenera bitartean hain zuzen. Nekane Murga Osasun sailburuak ohartarazi duenez, azken asteotan Covid-19arekin kutsatutakoen kopuruak "hazkunde handia" izan du; "zalantzarik gabe, Euskadik bigarren olatu epidemiko bati aurre egin behar diola erakusten du", eta, horregatik, jarduera soziala "ahalik eta gehien" murrizteko eskatu die herritarrei.

Horren harira nabarmendu du birusa nagusitzen ari dela eta ez dagoela "arrazoirik ahulagoa eta ez hain hilgarria denik uste izateko". Murgak esan du ospitaleratze logela bereziak eta zaintza intentsiboetako unitateak prestatuko dituztela; izan ere, ohartarazi duenez, "aste honetan kutsatuko diren dozenaka pertsonak ospitaleratu beharko dute eta, zalantzarik gabe, batzuk hil egingo dira".

"Normaltasun berri bat ezinezkoa dela erakusten ari da birusa, elkarrengandik urrundu behar dugu. Bi metro, metro eta erdi baino hobea da", azpimarratu du.

Sailburuak nabarmendu duenez, birusa gaueko aisialdian, terrazetan, kostaldeko pasealekuetan dago, eta irtenbidea ez da isun gehiago jartzea edo pertsonak biltzen diren guneetarako sarbideak moztea, beste batzuk kutsatzen baitira mendirako txangoetan, otorduetan eta ospakizunetan edo lanerako joan-etorrietan.

EAEn, 338 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 233 Bizkaian atzeman dituzte, 57 Gipuzkoan eta 44 Araban: Gasteizen 38,  Amurrion bat, Iruña Okan beste bat, Laudion bat, Agurainen bi, eta Zigoitian bat.

Murrizketak aztergai

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du hiri handietan ordutegiak eta edukiera murrizteko neurriak ezartzen dituzten edo ez aztertzen ari direla. 

Halaber, irailean, Arabako Errioxan, mahats bilketaren kanpainan lan egiten dute langileei PCR probak egiteko aukera aztertzen ari da Jaurlaritza. Urtero 2.500 eta 3.000 sasoikako langile aritzen dira zeregin horretan. Osasun sailburuak baieztatu du upategiekin hitz egiten ari dira kontratuak non egiten dituzten eta langileak noiz iristen diren jakiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago