Eraso transfobo eta arrazista baten berri eman du Ikusgunek

Erredakzioa 2020ko uzt. 30a, 09:00

Trans harrotasunaren bandera ekainaren 28ko manifestazioan. / ALEA

LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak emakume transexual baten kontrako eraso transfobo eta arrazista baten berri eman du. Ustez, erasotzaileak biktima jipoitu zuen Sansomendi auzoan, irain arrazista eta homofoboen artean.

Uztailaren 21ean, asteartean, Sansomendi auzoan gertatutako eraso transfobo eta arrazista baten berri izan du Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, erasotutako pertsonak Ertzaintzarengana salaketa jartzera jo ostean.

Ikusgunek azaldu duen bezala, erasotzaileak biktima jipoitu zuen irain arrazista eta homofoboak esaten zizkion bitartean.

Larunbatean elkarretaratzea

Gasteizko E28 Koordinadorak eta Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak erasoa salatzeko mobilizazioa deitu dute larunbatean, abuztuaren 1ean, 13:30ean Korreosen: "Transfobia eta arrazakeria gure kaleetatik kanpo! Erasorik ez erantzunik gabe!" leloa aukeratu dute.

Salaketen kopurua gora

Maiatzean aurkeztutako txostenean, Ikusgunek 25 eraso zenbatu zituen Araban 2019ko maiatzetik 2020ko apirilera bitartean. Salaketen kopurua nabarmen igo da, Gasteizko LGTBI+fobiaren Aurkako Behatokia sortzearen ondorioz.

Ikusgunek azken txostenaren ondorioetan azaldu bezala, salatutako erasoek gora egin dute aurreko urteko txostenekin alderatuta. Dena dela, nabarmendu dute igoera esanguratsua izan arren, ez dela hainbeste LGTBI+ jendearekiko gorrotoaren hazkundearen ondorioa, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia sortzearen ondorioa baizik.

Hau da, ez du esan nahi eraso gehiago egon direnik, baizik egondako erasoak gehiago salatu direla.

Eraso LGTBI+foborik pairatu baduzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu 633 309 653 telefono zenbakira edo IKUSGUNE Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren webgunearen bidez salatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago